Gure InteRail bidaia guk geuk aukeratu behar dugu, beraz hemen ez dugu aipatuko nola antolatu behar den norberaren gustuko ibilbidea. Dena dela, aholku batzuk emango ditugu, baliagarriak izango direlakoan.

Ibilbidea eta ordutegiak hautatu.

Lehenik eta behin, nora joan nahi dugun erabaki beharko dugu, eta ondoren, oinarrizko ibilbide bat diseinatuko dugu. Ibilbidea diseinatzeko orduan, kontuan izango dugu zein hiri bisitatu nahi dugun.

Oso baliagarria izango zaigu egingo dugun bidaiaren ibilbidea eta trenen ordutegiak eskuratzea, horrela ez baitugu ezustekorik izango, batzuetan bi punturen arteko ibilbide zuzena egitea zeharkako ibilbidea egitea baino luzeagoa da eta. Ordutegiak saretik jaitsiko ditugu.

Dena dela, hobe da ordutegia aukeratu ditugun hirietan hartzea, tren geltokietan bertan. Gehienetan eskuragarri izango ditugu geltokietan, baina batzuetan hango langileei galdetu beharko diegu. Geltokietan, adi egon beharko dugu, batzuetan berehalako irteerak iragartzen baituzte informazio-paneletan. Hiri nagusietan turismo bulegoak izaten dira tren geltokitik gertu edota honen inguruetan. Hantxe hiriko mapa emateaz gain, lo egiteko tokiak proposatuko dizkigute (aurretik aukera eginda izan ezean).

Txartelak edozein trenetan turista klasean bidaiatzeko aukera emango digu, baina tren berezien kasuan (abiada handiko trenetan, ohe-bagoietan...) gehigarri bat ordaindu beharko dugu. Gehigarri hori, gehienetan, ez da oso garestia izaten eta gerta liteke horrelako tren bat hartzea abantaila bat izatea, denbora laburragoa emango baitugu bidaia bat egiteko.

Ez da komenigarria gauzak azken mementoan prestatzea, bigarren mailako trenbideak ez baitira oso puntualak izaten. Hainbat tren-konbinaketa gal dezakegu adi ibiltzen ez bagara.

Osasun laguntza

Badaezpada ere, hobe genuke Gizarte Segurantzara joan eta Europako Osasun Txartela eskatzea, atzerrian osasun laguntza behar izanez gero, ez baitugu arazorik izango artatuak izateko. Txartelak Europar Batasun osorako balio du.

Objektu pertsonalak.

Kontuz gure objektu pertsonalekin eta daramatzagun gauza guztiekin! Komenigarria da giltzarrapoa eramatea, aterpetxe batzuetako armairuak ez baitira giltzaz ixten. Ez ditugu balio handiko gauzak aterpetxean utziko, hala nola pasaportea, etorriko txartelak, diru-txartelak...

Herrialde askotara bidaiatu nahi izanez gero, hobe dugu dirurik ez eramatea eta behar ahala hango bankuetan ateratzea. Saiatuko gara dirua gutxitan ateratzen, horrela ez baititugu komisio asko ordainduko.

Motxila.

Eramango dugun motxilak nahiko zabala izan behar du behar izango dugun arropa guztia sartu ahal izateko eta poltsiko asko ere izan behar ditu pasaportea, agiriak, janaria, kamera...eraman ahal izateko.

Dena den, gogoan izan behar dugu interRail bidaian denbora luzea emango dugula motxilarekin, behintzat geltokietatik aterpetxeetara heldu arte. Gainera, hiri batzuk ikusten gera gaitezke motxila bizkarrean dugula.

Hori guztia dela eta, hobe da kontuan izatea zer den beharrezkoa bidaiarako eta zer ez, pisu handia baldin badaramagu oso nekatuko gara, eta, gainera, bizkarrean min hartuko dugu. Motxilaren pisuak gure pisuaren %10 izan behar du.

Ondo legoke motxilak bi atal izatea, arropa zikina zein janari-latak sartu ahal izateko. Uhalek lotzen errazak izan behar dute eta lozakua ez da motxilatik asko aterako. Aterpetxeetan edota trenetan lo egiten badugu, lozakua eramatea komeni zaigu.

Motxilan botikarik garrantzitsuenak ere sartuko ditugu: analgesikoa / antipiretikoa (parazetamola edota ibuprofenoa, sukarra jaisteko edota mina arintzeko), beherakokontrakoa, hidratatzeko ahotik hartzeko sobreak (beherakoa eta gonbito handiak arintzeko), espektro zabaleko antibiotikoa (infekzioetarako), zorabioaren aurkako botikaren bat, zauriak sendatzeko materiala (gazak, tiritak, esparatrapua, artaziak, iodoa, alkohola...), intsektuen aurkako uxagarria, eguzkitako kremak, preserbatiboak...

Taldean bagoaz, partekatu ahal dugu pisua. Batek guztiontzako gauza komunak eraman ditzake (gelak, xanpuak, hortzetako pastak...). Gogoan izan ez dugula egunero arropaz aldatu behar. Arropa oso zikin dugunean, garbitegi batera eraman dezakegu (aterpetxe batzuetan garbitegiak dituzte) eta prezio onean garbitu.

Janariari dagokionez, diru gutxi badugu, hobe da ahalik eta janaririk gehien etxetik eramatea. Dena dela, janariak asko pisatzen duenez eta leku asko kentzen duenez, hobe hestebeteak, galletak eta lata txikiak eramaten baditugu (aterpetxe batzuetan janari-dendak dituzte eta hantxe erosi ahal dugu ogia).