Lanbide Heziketa osatzen duten ikasketen helburua ikaslea prestatzea da, etorkizunean gizartean eta enpresetan eskaerarik handiena eta etorkizunik onena duten lanpostuetara iristeko.
Gaur egun, Lanbide Heziketa bizitza aktibo osoaren prozesu gisa ikusten da, hori dela eta, bi prestakuntza mota bereizten dira: araututako prestakuntza (ikasleei zuzendua) eta etengabeko lanbide prestakuntza (lanean dihardutenei zuzendua).
Araututako prestakuntza eta etengabeko prestakuntza elkarri lotzeko Lanbide Koalifikazioen Euskal Sistema dugu. Horrek pertsonen garapen profesionala bideratzen du.
Lanbide Heziketa arautuak bi atal ditu: oinarrizkoa eta berariazkoa.
Oinarrizkoa DBHn eta batxilergoan ematen den lanbideari lotutako prestakuntza da.
Berariazkoan, heziketa zikloak ditugu, bai erdi mailakoak, bai goi mailakoak. Zikloen iraupena aldakorra izan daiteke eta lanbide eremuaren araberako ezaguera teoriko-praktikoak izango dituzte.
LANBIDE HEZIKETAKO HEZIKETA ZIKLOAK
Lanbide heziketan 140 bat ziklo daude, batzuk erdi mailakoak eta beste batzuk goi mailakoak izanik. Ikaslea ziklo hauek ikasten amaitutakoan teknikari edo goi mailako teknikari titulu ofizialaren jabe izango da. Institutu eta irakasleen kalitateak, ikastetxeek dituzten tresna modernoek eta enpresetako praktika errealetan hartutako lan esperientziak bermatuko dute ikaslea profesional kualifikatua dela.
Bi bide daude Heziketa Ziklo batean sartzeko:
Zuzeneko sarbidea: DBH edo balio bereko ikasketak gaindituak dituenak Erdi Mailako Heziketa Ziklo batean sartzea eska dezake eta batxilergoa amaitzen duenak Goi Mailako Heziketa Ziklo batean sartzeko aukera izango du.
Proba bidezko sarbidea: arestian aipaturiko ikasketa-motak ez dituenari zuzendua. Sarbide-proba hori gainditzen duenak Heziketa Ziklo batean sartzea eska dezake. Proba hori egin ahal izateko betekizunak ezberdinak dira Erdi Mailako edota Goi Mailako Heziketa Zikloetara joan nahi den arabera.
Lanbide Heziketak lan merkatuan arrakasta nabarmena duten 142 titulu inguru ditu. Titulu horiek 22 multzotan bana ditzakegu.
Multzo bakoitzeko zikloek esparru teknologiko-ekonomiko bat izango dute komunean.
| MULTZOEN ZERRENDA
| |
| NEKAZARITZA JARDUERAK | ITSAS ARRANTZAKO JARDUERAK |
| GORPUTZ ETA KIROL EKINTZAK | ADMINISTRAZIOA |
| ARTE GRAFIKOAK | MERKATARITZA ETA MARKETINGA |
| KOMUNIKABIDEAK, IRUDIA ETA SOINUA | ERAIKUNTZA ETA OBRA ZIBILA |
| ELEKTRIZITATEA ETA ELEKTRONIKA | FABRIKAZIO MEKANIKOA |
| OSTALARITZA ETA TURISMOA | NORBERAREN IRUDIA |
| ELIKAGAIGINTZA | INFORMATIKA |
| ZURGINTZA ETA ALTZARIGINTZA | IBILGAILU AUTOPROPULTSATUEN MANTENTZE LANAK |
| MANTENTZE LANAK ETA EKOIZPEN ZERBITZUAK | KIMIKA |
| OSASUNA | KOMUNITATERAKO GIZARTE ETA KULTURA ZERBITZUAK |
| EHUNGINTZA, JANTZIGINTZA ETA LARRUGINTZA | BEIRAGINTZA ETA ZERAMIKA |
ERDI MAILAKO PROBAK
Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetan sartzeko honako baldintzak bete behar ditugu:
- Gutxienez ere 18 urte izatea proba izango den urtean.
- Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak edota afiliaturik egon garen laneko mutuak urtebeteko lan-esparientzia dugula egiaztatu behar du.
- Gizarte bermeko programa bat egin izana
GOI MAILAKO PROBAK
Honako baldintzak bete behar ditugu:
- 20 urte beteta izatea proba izango den urtean.
- Teknikari titulua dutenek eta multzo bereko edo antzekoa den Goi Mailako Heziketa Zikloa egin nahi dutenek 18 urte izan behar dituzte proba egiteko.
SARBIDE PROBETAN INSKRIBATZEA
Probak egin nahi dituztenek sartzeko eskaera orria eskatu behar dute egin nahi dituzten ikasketen zentroan eta kontuan hartuko dute eskabidea aurkezteko epea noiz amaituko den. Eskaerarekin batera, deialdia arautzen duen EBAZPENean (EHAA) aurkituko dugun III gehigarriko inskribatze-idazkia ere aurkeztuko dugu.
Aurreinskripzioak egiteko aldia amaitu ondoren, bi eguneko epearen barruan, ikastetxeak honako hauek helaraziko dizkio Lanbide Heziketako dagokion lurralde-unitateari: inskribatutako ikasleek sarrera-proba egiteko aurkeztu dituzten eskabide-inprimakien kopiak.
Onartzeko eskabidea jasotzen duen ikastetxeak informazioa emango die interesatuei: probak noiz izango diren, edukiak...