Aisialdiko aukera guztien artean, nola ez, jaiak ditugu. Ez dio axola zein motatako jaia den edo zein herritan ospatzen den, kontua ondo pasatzea da.

SANTO TOMAS: Abenduaren 21a

Baserriko produkturik onenak (ortuariak, txakolina, gazta, landareak eta loreak, fruta eta eztia) saltzen dituzte Areatza plazan eta Plaza Berrian jartzen dituzten 300 saltoki baino gehiagotan. Aukera ezin hobea dugu taloa, txorizoa eta edalontzi bat ardo (edo gehiago) hartzeko.

Gernika-Lumoko Azken Astelehena

Euskal nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen hitzordu nagusietako bat da Gernikakoa. Baserriko produktuak saltzeko 300 saltoki inguru jartzen dituzte eta, horiez gain, jolas-jarduerak ere antolatzen dituzte jai giro aparta sortuz. Azken astelehenean, saltokiz betetzen dira Gernikako kale nagusiak eta baserritarrek euren produktuak dastatzera ematen dituzte. Honako hauek probatu eta erosi ahal ditugu: frutak eta ortuariak, landareak eta loreak, ogia eta euskal pastela, gazta, baserriko abereak, txakolina, sagardoa, eztia eta marmelada, eta nekazaritzarako tresnak eta lanabesak. Saltokiez gain, hainbat jarduera ere izaten dira: herri kirolen erakustaldiak, erromeriak, dantzaldiak eta pilota txapelketak.

Durangoko Liburu Eta Disko Azoka

Hasieran, azoka honen helburua Euskal Herrian zegoen liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea eta euskalgintzan jardunean zebiltzan sektoreen topalekua izatea  zen.

Gaur egun, azoka hau abenduaren 8aren inguruan izaten da, eta liburuak eta diskoak ikusteko eta erosteko aukera emateaz gain, euskaldunok urtero elkarrekin topatzeko hitzordu ezin hobea dugu.

Bertan idazleak, abeslariak, irakurleak, adineko pertsonak, gazteak, gizonezkoak eta emakumezkoak biltzen dira.

Harremanetarako:

Gerediaga Elkartea

Astolako auzitegi etxea, z/g

48220 ABADIÑO

Tel.: 94 681 80 66

Faxa: 94 621 80 23

Bermeoko Arrain Azoka

Bermeoko Arrain Azoka maiatz aldean izaten da. 30 bat saltokitan Bermeon bertan egindako produktu gastronomikoak daude salgai eta arrantzaren munduarekin zerikusia daukaten zenbait ekintza eta jarduera ere burutzen dira.

Balmasedako Aste Santua

Guztiok dugu ezagun Balmasedako Via Crucis biziduna, protagonistatzat herritarrak beraiek dituena. Gaur egun, 500 pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute batzuek tradizioa ardatz dutela, beste batzuek arrazoi erlijiosoengatik, aginduren bat dela eta, baina denek balmasedarrak izateak ematen duen harrotasuna barneratuta.

Ostegun Santu gauean, "Azken Afaria", "Baratzeko otoitza" eta "Jesusen atxiloketa" antzezten dira. Ostiral Santuan, goizeko 9etan, guardia erromatarraren danborren soinua hasten da eta dena prest egoten da "Pilatosen Epaiketa" burutzeko. Judasen urkatzea eta Pasioaren bestelako gertakizunak urrats bizidun antza hartzen dute, gurutziltzakatzeraino.

Harremanetarako:

San Severino plaza, 1

48800 BALMASEDA

Tel.: 94 680 00 00

Faxa: 94 610 20 53

ayto@balmaseda.net

www.balmaseda.net

Balmasedako Erdi Aroko Azoka

Maiatz hasieran Eskulangintza Azoka antolatzen dute Balmasedan eta honetan hiribilduko eta  inguruko eskulangileek parte hartzen dute. Tailerrez aparte, musikarien, malabareen eta orekarien ikuskizunak ere izanten dira. Erdi aroko giroa antzezteko parte-hartzaileek garai horretako jantziak janzten dituzte eta orduko banderak jartzen dituzte kaleetan.

Artxandako San Juan Gaua

Artxandako San Juan gauean magia eta sorginkeriak batuko dira su, akelarre eta musikak lagunduta. Urteko gaurik luzeena den honetan, oso ospetsua den suaz gain, adin guztietarako jarduerak antolatzen dira: azoka esoterikoak, igarleak, akelarre bat, antzerkiak eta haurrentzako jolasak.

Ospakizuna 18:00etan hasi eta goizeko 01:00etan amaitzen da.

Elorrioko Errebonbiloak

Errebonbilloak izeneko jai hau urriko lehen igandean izaten da. Izen hori duen alardea urtero egiten da eta honen jatorria Euskal Herriko hainbat herritan aspaldian egon ziren talde armatuetan omen dago.

Goizeko seietatik hasita, errebonbiloak -Elorrioko hainbat gaztek- deskarga egiten dituzte tradizioak adierazitako beste hainbeste lekutan eta alkatearen etxe aurrean egiten duten deskarga urteak joan ahala aldatzen dute. Arratsaldean, eguraldiak laguntzen badu, prozesioan ateratzen dira Errosarioko Ama Birjinarekin. Salbak prozesioa joan ahala egiten dira; hau amaitzen denean, egiten duen eguraldia egiten duela, errebonbiloek aurreskua dantzatzen dute Plaza Nagusian.

Lekeitioko Perkusio Eguna

Ekainean, Perkusio Eguna antolatzen dute Lekeition, eta egun horretan, zenbait herritako tinbal eta txalaparta taldeek parte hartzen dute. Zenbait talde Lekeitioko portutik  ateratzen dira eta herriko kaleetatik paseatzen dira eta beste zenbait talde, aldiz,  toki berean geratzen dira egun osoan zehar.

Ikusleek tinbalak, djembeak eta txalapartak jotzeko aukera izango dute.

Harremanetarako:

Lekeitioko Gazte Informazio Bulegoa

Resurrección Maria Azkue, 5

48280 LEKEITIO

Tel.: 94 624 35 91

gazte-bulegoa@lekeitio.com

Leioako Eskulangintza eta Gastronomia Azoka

Azaroan egiten duten azoka honetan, 30 bat saltoki jartzen dituzte guztion begien gozamenerako diren produktuekin (zeramika, zur eta harri lanketa, otzaragintza, forja-lanak, ehungintza, musika tresnak...). Eskulangintzaz gain, produktu gastronomikoak ere jartzen dituzte salgai, hala nola, Idiazabal gazta, sagardoa, Errioxako ardoa, txakolina, olioa, ogia, euskal pastela, gozokiak, itsasoko jakiak...

Txakolinaren Azoka Bakion

Bakion, San Jose jaiaren barne, txakolinaren uzta aurkezteaz gain, eskulangintza eta baserriko produktuen erakusketa egiten dute. Honako produktu hauek aurki ditzakegu: txakolina, gazta eta ogia. Txosnak eta abereak ere izaten dira.