Boluntariotza elkartasun antolatuan datza eta gizartearen arazoen konponbidean esku-hartzen du. Boluntariotzaren jardun-eremua herritarrek gizartearen garapenarekiko agertzen duten ardura eta inplikazioa da. Boluntariotza, azken batean, bizi garen errealitatean parte hartzeko eta bera eraldatzeko tresna da.

Bi sektore izan dira gizartearen behar indibidualei eta talde-beharrei erantzuna eman dietena. Alde batetik, Sektore Publikoa dugu, ordezkaritza-sistematik eratorritako erakundeek kudeatzen dutena (udaletxeak, aldundiak, gobernuak, Europar Batasuna...) eta geure zergei esker lan egiten duena.

Bestetik, Sektore pribatua dugu, ekimen pribatuaren eta norbanakoen baliabideen menpe dagoena.

Dena dela, aipatu dugun sektore bien arteko alde honi eskasa deritzogu gizabanakoek gizartearekiko duten inplikazioa zehazteko orduan. Eman dugun definizioak ez du kontuan hartzen sektore horiekin batera pertsonek (gizarteak berak) sortutako harreman sarea. Sare horren barruan badaude antolatuak eta ez hain antolatuak diren ekimenak, baita hainbat ideologia ere.

Sare horren bidez, laguntza ematen zaie administrazioak eta merkatuak lagundu ez dituzten gizartearen eskaerei eta, batzuetan, errealitatea ulertu eta kudeatzeko proposamen alternatiboak ere planteatu dituzte. Irabazi asmorik ez duten erakundeez ari gara: elkarteak, plataformak, koordinakundeak, GKEak, fundazioak edo gizarte eragileak. Hauei Hirugarren Sektorea deritze eta elkartasuna eta erantzun soziopolitikoa antolatzeaz gain, gero eta pisu ekonomiko handiagoa dute.

Boluntariotzak gizarte eskaerari erantzuten dio honako elkarte hauek osatuz: guraso elkarteak, ikasle elkarteak, aisialdirako elkarteak, Hegoaldeko herrialdeekin lankidetzan jarduten duten erakundeak, aldarrikapen ekologistak, erakunde feministak eta militarren kontrako erakundeak, kaltetuen taldeak, adinekoen elkarteak...Esparru honetatik egiten du bere aldarrikapena boluntariotzak eta honexetatik ere gizartearen politikaren eta ekonomia sistemaren kritika egiten du. Boluntariotzak gizarteari begira dago uneoro, herriaren garapena eta gizarte-justizia oztopatzen duen oro salatu ahal izateko.

Boluntariotzaren euskarri diren balioak

Hauexek dira borondatezko lanaren giltzarri diren balioak: elkartasuna, partaidetza, ekintza, antolakuntza eta doakotasuna. Ondoren banan-banan azalduko dugu zertan dautzan:

Elkartasuna

Balio hau ezinbestekoa da. Bizi garen errealitatearekiko, inguruko arazoekiko eta bidegabekeriekiko sentikortasuna adierazteaz gain, geugandik ateratzeko gai izan behar dugu besteren mesedetan lan egiteko.

Partaidetza

Gure gizarteanparte hartzeko eremu asko daude: familia eta lagunak, lana, gure botoa, gure kontsumoa, gure zergak, gure aisialdia...Parte-hartzen dugun bakoitzean biharamuna baldintzatzen dugu, era bateko edo besteko gizartearen aldeko apustua egiten baitugu. Boluntariotzak parte hartzeko bestelako aukera ematen digu. Parte-hartze honek konpromisoa dakar berarekin  eta gizartea hobetu eta eraldatzea da bere helburua.

Ekintza

Boluntariotza balio etiko bat eta jarrera bat izateaz aparte, ekintza zehatz bat da. Boluntariotza egin egiten da, ekintza bat da. Pertsona onak baino ez bagina, beste ezer egin barik, boluntariotza zentzugabea litzateke. Mundua aldatzen duena, arazoak eta beharrak aurrez aurre jartzen dituena EKINTZA da.

Antolakuntza

Boluntariotza oso lotuta dago antolakuntzari, banaezinak dira. Lan mota honek eta hau egiteko behar den ardurak talde-lana eskatzen dute nahitaez. Erakunde bateko lanak baino ez du eraginkortasuna bermatzen, honen bidez gure aldarrikapenak gizartean sustatzeaz gainera, alderatzeko, gure ekintza aurrera eramateko eta lana taldean egiteko aukera ematen baitzaigu.

Doakotasuna

Doakotasuna borondatezko ekintzaren oinarria da. Boluntarioa, definizioz, eskuzabaltasunez aritzen da. Boluntarioak ez du mozkin ekonomikorik edo materialik nahi, gizartearen mesedetan lan egiten du horren truke ezer espero barik.