Gaur egun, enplegu-kolokatasunaren baliokidetzat jotzen dugun arren, lanaldi partzialeko lana bestelako aukera izan daiteke gazteentzat. Pertsona askok lanaldi partzialeko lana aukeratzen dute bai dirua behar dutelako, bai aparteko dirua irabazi nahi dutelako. Dena dela, aipatzekoa da, gazteriaren %15ek baino ez duela lanaldi partzialeko enplegua aukeratzen.
Injuvek, Gazteriaren Institutuak, iaz egindako azterketa baten arabera, 20 eta 24 urte bitartekoak dira jardueraren bat egiten duten eta aldi berean euren lehen enpleguan aritzen diren gazteak, eta euren lehen enpleguan ez beste batean aritzen direnak 25 eta 29 urte bitartekoak dira. Aipatutako adin horretako gazteak gurasoen etxean bizi dira, bigarren hezkuntzako ikasketak amaitu dituzte, ezkongabeak dira, menpekotasunean edo nolabaiteko independentziarekin bizi dira eta gehienak hiri inguruetan bizi dira. Era berean, lan partzialeko lan-kontratuak onartzen dituztenek gogo onez aukeratzen dituzte, eta gizonezkoak izaten dira. Aipagarria da enplegu mota honetako lanaldia astean 36 ordukoa izatea, lanaldi osoan ere ia beste hainbeste lanordu egiten baitira.
Lanaldi partzialeko enplegua egin nahi duten gazte gehienek lagunengana eta senitartekoengana jotzen dute informazio eske, bereziki, lanposturen bat bete behar duten lantokietan lan egiten dutenengana. Badaude lana euren kabuz bilatzen dutenak ere, eta, azkenik, enplegu bulegoetara edo lantokietara zuzenean joaten diren gazteak ditugu.
Lanaldi partzialeko enpleguak lan-munduan sartzeko eta ikasketak eta zaletasunak bateratzeko aukera aparta eskaintzen du. Mota honetako lanen eskaintza handitu egiten da udan (bereziki, merkealdietan) zein Gabonetan (opariak erosteko aldian). Urtearen gainerakoan, asteburuetara mugatzen dira mota honetako lan-eskaintzak.
Langile askok oporrak hartzen dituztenez eta turista asko datozenez, uda eta Gabonak urteko sasoirik aproposenak ditugu lanpostu bat lortzeko. Lanpostu gehienak zerbitzu sektorekoak izaten dira, hain zuzen ere, ostalaritza eta merkataritza arlokoak. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak egindako txosten baten arabera, azken bost urteotan handitu egin dira zerbitzu sektore arloko lan eskaintzak, eta lanaldi partzialeko kontraturik gehienak ere arlo honetakoak izan dira.
Lan-eskaintza gehienak ostalaritza arlokoak dira, beraz, gazte asko ostalaritzan hasten dira aparteko dirua irabazi ahal izateko, beste eginkizun batzuk ere alde batera utzi barik.
Lanaldi partzialeko kontratuek ere badute desabantaila bat: askotan ez da kontraturik sinatzen. Langile askok inolako kontraturik gabe lan egiten dute eta egindako lanaren truke diru beltza jasotzen dute. Horrez gain, langileek nagusiarekin hitzartutakoak baino lanordu gehiago sartzen dituzte maiz.
Administrariek ere badute lanaldi partzialeko enplegua lortzeko aukera, baina eskaintza hauek ez dira aurretik aipatutakoak bezain zabalak, eta gehienak familia enpresetan eskaintzen dira.
Badago beste lanbide bat ere lana eta beste eginkizun batzuk uztartzeko parada ematen duena: teleoperadorea. Puri-purian dagoen lanbide hau aukeratzen duenak, ziur aski, lanaldi partzialeko kontratua sinatuko du.
Egunkarietako eta Interneteko lan-eskaintzak irakurtzea baino ez dago askotarikoak direla ikusteko.
Gabonetan, zenbait sektoretako ekoizpena handitzen denez eta langile askok oporrak hartzeko aprobetxatzen dutenez, kontratazio gehiago egiten dira. Alta Gestion ABLEk iazko urte amaieran egindako azterketaren arabera, enpresek gabonetan lan egiteko eskatzen dituzten hautagaiak 18 eta 24 urte bitarteko ikasleak izaten dira.
Gabonetan, jarduera-hazkundea duten sektoreak banaketa, logistika eta zerbitzu sektoreak dira, hurrenez hurren. Dena dela, kontuan hartzekoa da elikadurarekin zerikusia duten enpresen hazkundea ere.
Ondoren, sasoi horretan gehien eskatzen diren lanpostuak zerrendatuko ditugu: sustatzailea, animatzailea, bezeroari arreta emateko langilea, zenbait produktuetarako teleoperadorea, saltzaileak, dendariak, paketatzaileak, hornitzaileak, sukaldariak, zerbitzariak eta biltegiko langileak.
Lanaldi partzialeko enplegua, geldialdi bat izan ondoren, suspertu egin da aspaldi honetan, Europar Batasuneko herrialderik garatuenetan duela urte batzuk gertatutakoaren ondorioz. Azterketa batzuen arabera, lanaldi partzialeko enplegua ez da hain aukera txarra, enplegu finkoaren eskasia gero handiago dela kontuan hartzen badugu.
Arestian esan dugunez, gazteak dira lanaldi partzialeko enpleguetara aurkezten direnak. Bi multzo handi bereiz ditzakegu.
Alde batetik "zorioneko gazteak" ditugu. Gazte hauek Lanbide Heziketa, Batxilergo edo unibertsitateko ikasleak dira eta aldi baterako lanak egiten dituzte (lanaldi partzialeko lanak, besteak beste) bai lan-eskarmentua lortzeko, bai aparteko dirua irabazteko asmoz.
Bestetik, "zorigaiztoko gazteak" ditugu. Hauek ia ez dute lan egiteko aukerarik, ez baitute prestakuntza jasotzeko edo lanbiderik ikasteko paradarik izan. Askotan, prestakuntza aintzat hartzen ez den auzoetan hazi dira eta ez dute ikasteko beharra sentitu.
Iraupen mugatuko kontratuak (obra-kontratua, zerbitzu jakineko lan-kontratua, kontratu ebentuala eta bitarteko kontratuak) eta lanaldi partzialeko kontratuak aldi baterako kontratazioaren barruan daude.
Ondoren aldi baterako kontratuen esparru juridikoa eta legala azalduko ditugu.