Orokorrean, gazte izatea 15 urtetik 29 urte bitartera arte dela kontuan hartu gabe, monografiko honetan 18 urtetik 34 urtera arteko adin tartean zentratu gara, hauei egiten baitzaie etxebizitza mota honetako eskaria. Etxebizitza bat izateko aukerak zeintzuk diren azaldu aurretik, etxebizitzarekiko gazteen egoera eta iritzia ezagutu behar ditugu.
BIZIKIDETZA ETA EMANTZIPAZIOA
Egun, eta nahiz eta gazte batzuek norbere etxea duten, edo lagunekin elkarbanatzen duten, gazte gehienak familiaren etxean bizi dira. Adinean aurrera egin ahala, gurasoen etxea uzteko beharrizana ere areagotu egiten da. Arazo ekonomikoak, ikasketak eta etxebizitzen prezioa direla-eta, gazte asko ez dira nahi luketen tokian bizi. Gazteak heldu ahala, etxebizitzen salneurria era independentean bizitzeko eragozpen larriagoa bihurtzen da, gazte asko beraien soldatetatik bizi badira ere, askok eta askok besteren laguntza behar baitute hilabete amierara iritsi ahal izateko.
NORBERE ETXEBIZITZAN BIZI DIRENEN ESPERIENTZIA
Bere gurasoekin bizi ez diren gazteek, batez beste, 23 urterekin utzi zuten familia etxea. Familiaren etxea uzten duten gazteen arrazoi nagusia ezkontzea edo bikotearekin bizitzera joatea da, independizatzeko eta norbere etxea izateko gogoa, eta kasu gutxiagotan, lan edo ikasketekin lotutako joan-etorriak. Etxebizitzaz aldatzeko orduan, gazteek etxearen salneurria euren ahalbidden esku dagoen erreparatzen diote. Etxea erosi ahal izateko, norbere aurrezkiez gain, bikotearen aurrezkiak eta kredituak eta guraso edo aitagin amaginarreben laguntza ere behar izaten da.
FAMILIAREN ETXEAN BIZI DIRENEN IGURIKIMENAK
Beste alde batetik, beraien gurasoekin bizi diren gazte gehienek emantzipatu eta norbere etxea izan nahi duten arren, askok ez dute etorkizun hurbilean aukera hori eskuragarri ikusten. Gehienek, hortaz, gurasoen etxea uzteko, ezkondu edo bikotekidearekin bizitzera joan arte itxaroten dute, etxebizitza batek dakartzan gastuei soldata birekin aurre egin ahal izateko.
Behin etxetik irteteko erabakia hartuta, gazte gehienei etxebizitza hori berria edo bigarren eskukoa den ez zaie axola, eta gustuko izango luketen metro kopurua 80 m2 ingurukoa da.
NORBERE ETXEBIZITZA EDO ERRENTAKOA
Etxebizitza batean pentsatzean, gazte gehienek norbere etxea nahiago lukete, errentakoa baino. Hortaz, euren etxean bizi diren gazte gehienek hipoteka baten bidez erosi dute etxea, baina badaude etxea errentan hartzen duten gazteak ere. Oso gazte gutxi dira osoki ordaindutako edo oinordetzan hartutako etxebizitzan bizi diren gazteak.
ETXEBIZITZA ESKURATZEA, EZAGUTZA, BALORAZIOA, IGURIKIMENAK
Etxebizitza bat izateko gazteek dituzten traba nagusiak, garrantziaren arabera, etxearen beraren salneurria, gazteen soldata txikia eta lan finkoaren gabezia dira. Horiekin batera, neurri txikiagoan, gazteen beharrizanetara moldatutako tamainako etxe urritasuna, errentako etxeen eskari eskasa eta etxebizitzari buruzko informazio falta ditugu.