Mailegu bat aukeratzeko orduan, honako hauek dira kontuan hartu beharreko faktoreak: banku-erakundeak eskatuko dizkigun dokumentuak, mailegua formalizatzeak dakartzan gastuak...Atal honetan horiek guztiak azaltzen saiatuko gara.

Hipoteka-mailegua aukeratu

Bankuetara edo Kutxetara joatea deserosoa gerta dakiguke, erakunde hauetan erabilitako hitzak eta zenbakiak arrotzak egiten baitzaizkigu. Hala eta guztiz ere, hobe dugu hainbat Banku edota Kutxatara joan, bakar batek eskaintzen diguna onartu beharrean. Erakundeek eskaintzen dizkiguten baldintzen arteko aldea izugarria izan daiteke, eta gure ekonomia epe luzean baldintzatuko duen eragiketa egingo dugunez, hobe dugu ondo aukeratzea.

Hipoteka-maileguaren barne ez dauden zenbatekoak

Etxebizitza bat erosterakoan, badaude ordaindu beharreko zenbateko batzuk mailegu barne ez daudenak:

Mailegua ordaindu aurretikoak: aurrerakina (etxebizitzaren prezio osoaren %10 ingurukoa). Mailegu barne ez dauden zenbatekoak: Bankuak edo Kutxak etxebizitzaren prezioaren %80 inguruko mailegua eskainiko digu, beraz, gainerakoa geuk ordaindu behar dugu. Beste hainbat gastu ere (Notariotza, Zergak, Erregistroa, altzariak...) mailegutik at geratuko dira.

Etxebizitzarako Aurrezki Kontua

Etxebizitzarako Aurrezki Kontu bat izatea ondo etorriko zaigu dirua pilatzen joateko, eta behar dugun mementoan, erabili ahal izateko. Horrez gain, urtero PFEZren kuotatik ekitaldi bakoitzean gure Etxebizitza Kontuan pilatzea lortu dugun kopuru berrien edo lortutako saldo garbien igoeren %15 desgrabatu ahal izango dugu. Aurrezki-mota hau operatiboa duen edozein Kreditu Entitatetan irekitzen den kontu baten bidez egiten da, eta bere helburua lehenengo ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko baliabideak pilatzea da.

Kontu hauek normalean aurrezki arrunteko kontuek baino hobeto ordaintzen dituzte (interes altuagoak emango dizkigute) eta oso malguak dira, hau da, ez da ekarpen edo kuota finko bat ordaindu behar; aldiz, une bakoitzean ondo datorkigun diru-kopurua sartu ahal izango dugu eta gainera, eginiko ekarpen guztiak, edo horien zati bat, eskuratu ahal izango ditugu nahi dugunean.