Hona hemen gure lanposturik gustukoena lortzeko tresnak:

- Curriculum vitae

- Aurkezpen gutuna:

o Geure burua berez eskaintzea

o Iragarki bati erantzuteko gutuna

- Autokandidatura

- Telefono bidezko harremana

- Hautespen elkarrizketa

- Bestelako hautespen teknikak

Curriculum Vitae

Cuuriculuma gure lorpen eta eskarmentu akademikoak, lanbide-ibilbidea eta datu pertsonalak, laburbildurik eta ordenaturik agertzen dituen agiria dugu eta bere helburua lan elkarrizketa lortzea da.

Curriculum Vitaeren aurkezpen eredua lanpostuaren ezaugarrietara, hautaketa-prozesura edo enpresara heltzeko metodologiara egokitu beharko da.

Beraz, gure aurrekarien, ikasketen, ezaupideen, lan eskarmentuaren eta gure lanbide ibilbidea azaltzen laguntzen duten datuen laburpen argia dugu curriculuma.

Bi dira gehienbat erabiltzen diren currriculum ereduak:

- Kronologikoa: Lan-eskarmentu zaharrenetik hasita berrienera nahiz berrienetik zaharrenera doan informazioa azaltzen du. Eredu honek gure hezkuntza zein lanbide garapena ezagutzera ematen du.

- Funtzionala: Eredu honek informazioa gaika azaltzen du eta alor zehatz batean ditugun prestakuntzaren eta eskarmentuaren ezaguera azkarra eskaintzen du.

Gure bizitzan zehar lorturiko gaitasunak nahi ditugun lanpostuen arabera ordenaturik aurkezten ditu.

Curriculuma egiterakoan, oinarrizkoak diren lau ideia izan beharko ditugu kontuan:

- Lortu behar dugu gure curriculuma irakurriko duenaren interesa piztea

- Gure kandidatura interesgarri bihurtu behar dugu

- Curriculuma irakurriko duenaren irakurmina lortu behar dugu

- Curriculumaren helburua lan elkarrizketa bat lortzea izan behar da

Arestian aipatutakoa lortzeko, hona hemen baliagarri izango zaizkigun gomendioak:

Edukia:

- Curriculumak egin nahi dugun lanpostura egokiturik egon behar du.

- Gure datuen eskema egin beharko dugu. Zenbat eta zehatzagoa, hainbat eta hobeto.

- Gure indarguneak azpimarratuko ditugu, eta ez ditugu aipatuko gure kalterako diren datuak.

- Ez dugu hutsunerik utziko. Dataren bat gogoratzen ez badugu, ez dugu datarik aipatuko.

- Curriculumarekin batera, ez dugu ez originalik, ez kopiarik aurkeztuko (euren interesa piztu badugu, eurek eskatuko dizkigute originalak).

Aurkezpena:

- Curiiculumek, gehienez ere, orrialde bat edo bikoak izan behar dute (DIN A-4 neurrikoak).

- Gramatika eta ortografia zaindu beharko ditugu. Edukiak azaltzeko era ere zainduko dugu.

- Curriculuma ordenagailuz idatziko dugu (lana eskaintzen dutenek eskatu ezean, ez dugu eskuz idatziko).

- Marjinen artean tarte handiak utziko ditugu, irakurterrazagoa izan dadin.

- Duela gutxi egindako argazki bat erantsiko dugu (ahal dela originala izango da).

Curriculumaren atalak:

Datu pertsonalak:

- Izena eta abizenak

- Helbidea (herria eta posta kodea ere zehaztu beharko ditugu)

- Telefonoa (finkoa eta sakelakoa)

- Posta elektronikoa

- Jaiotze data eta jaiolekua

- Naziotasun Agiria

Prestakuntza:

- Prestakuntza arautua / titulu ofizialak (urtea, titulua, ikastegia, tokia).

- Arautu gabeko prestakuntza (urtea, ikastaroaren izena, ikastegia, tokia, iraupena).

- Prestakuntza osagarria (jardunaldiak, mintegiak, biltzarrak, hitzaldiak...).

- Informatika (izena, ikastegia, iraupena).

- Hizkuntzak (maila, titulazioa, ikastegia, urtea).

Lan eskarmentua:

- Izan ditugun lan eskarmentu guztiak aipatuko ditugu, baita gure prestakuntzarekin zerikusirik ez dutenak ere (horrexek pertsona aktiboak garela adieraziko du). Lan eskarmentua askotarikoa izan daiteke: lan-kontratupekoa, praktika-lana, lan boluntarioa...

- Izan dugun azken enplegutik hasita, honako hauek adieraziko ditugu: enplegua bakoitzean bete dugun kargua, egin ditugun eginkizunak, izan ditugun ardura nagusiak, zein erakundetarako lan egin dugun eta erakunde horien kokapena.

Bestelakoak:

- Atal honetan, nabarmentzekoa den gainerako informazioa adieraziko dugu: argitalpenak, erreferentziak, edonoiz eta edonon lan egiteko prestutasuna...

Aurkezpen-gutuna

Enpresan sartzeko bisita-txartela dugu hau eta curriculumarekin batera aurkeztu beharko dugu beti. Gutunean hartzailearekin harremanetan jartzeko arrazoiak azaltzen dira eta helburua garrantzitsua den alderdi bat edo bi azaltzea da. Gutunean ez ditugu gure ahulguneak aipatuko.

Bete nahi dugun lanpostuarekin zerikusia duen gure aurretiko lan-eskarmentua aipatuko dugu, gure curriculuma irakurriko duenarengan interesa piz dezagun.

Gutunaren egitura honako hau izango da:

IZENBURUA

Zuzentzen gatzaizkion enpresaren datuak.

DATA ETA TOKIA

Gutunaren jatorria adierazten du.

HASIERAKO AGURRA

Formala (Jaun/Andre agurgarria)

TESTUA

 

-LEHEN PARAGRAFOA

 

 

-BIGARREN PARAGRAFOA

 

 

-HIRUGARREN PARAGRAFOA

 

 

Iragarkiaren erreferentzia edo deialdia aipatuko dugu.

 

Bete nahi dugun lanpostuari egokituriko atalik garrantzitsuenak aipatuko ditugu (gure gaitasunak...)

 

Lanpostua betetzeko gogoa eta elkarrizketa izateko gogoa adieraziko dugu.

 

BUKAERAKO AGURRA

Agur formala izan behar da (Besterik gabe jaso agur bero bat...)

Gutuna idazteko aholkuak:

- Gehienez ere, orrialde bateko izango da.

- Paragrafoak laburrak izango dira, irakurterrazak izan daitezen.

- Aurkezpen-gutuna jatorrizkoa izango da beti, ez dugu inoiz fotokopiarik aurkeztuko.

- Ordenagailuz idatziko dugu eta DIN A-4 neurriko paper zuri batean imprimatuko dugu.

- Eskuz idatziko dugu iragarkiak hala eskatuz gero.

- Gramatika eta ortografia zuzena erabilio dugu.

- Izenpea agertu behar da beti.

Bi gutun mota nabarmenduko ditugu:

Kandidatura espontaneoko gutuna

Gutun honen bidez, geure buruaren aurkezpena egingo diogu zuzentzen gatzaizkion enpresari. Gutun hau idazteko erabakia boluntarioa da.

Gutuna idatzi baino lehen, gure kandidatura jasoko duten enpresen gaineko informazioa bilatuko dugu:

Ahal dela, pertsona zehatz bati edota erakundearen langileriaren atalera zuzenduko gara.

Edonoiz bidal dezakegu, dena dela badaude oso egokiak diren garaiak: opor aurretik, ekoizpen handiko guneak direnean...

Lan aukera bati erantzuteko gutuna

Oraingo honetan, enpresa batek egindako lan-eskaintza bati erantzun beharko diogu (eskaintza gure gustukoa izatekotan). Lan-eskaitzak egunkariko iragarkien bidez, irrati bidez, telebista bidez, aldizkari eta argitalpen espezializatuen bidez, Internet bidez, iragarki oholen bidez, eta abarren bidez jasoko ditugu.

Autokandidatura

Nahiz eta teknika arriskutsua izan, batzuetan eraginkorra izan daiteke. Interesatzen zaigun enpresan zuzenean aurkeztuko gara edota curriculum vitae eta aurkezpen gutuna bidaliko dugu, eta horrelaxe, geure burua ezagutzera emango dugu eta enpresa horretan lanpostu bat betetzeko gogoa adieraziko dugu. Autokandidaturak gure curriculuma nahi dugun mementoan bidaltzeko aukera aparta emango digu. Bide hau erabiltzeak ekimen handiko pertsonak garela eta lan merkatuan garatzeko gogo handia dugula ere adierazteko parada emango digu.

Aurkezpen mota honek lan-elkarrizketa bat lortzeko edo hautaketa prozesuaren hurrengo mailara pasatzeko balio du. Autokandidatura hiru eratan aurkez dezakegu:

- Telefonoz

- Geure burua zuzenean aurkeztuz

- Gutun baten bidez (curriculuma + aurkezpen gutuna)

Kontuan izan behar dugu geu izan garela lan-elkarrizketa eskatu dugunak, beraz geurea izango da erantzukizun osoa.

Autokandidatura egitea ez da lan erraza, hori dela-eta, hobe dugu aldez aurretik gidoi bat zehaztea. Hona hemen gidoiaren atal nagusiak:

- Aurkezpena

Geure buruari, jaso dugun prestakuntzari eta gure lan-eskarmentuari buruzko datuak laburki aipatuko ditugu. Ondoren, lan-elkarrizketa zergaitik galdegin dugun eta gure asmoak, interesak eta helburuak zeintzuk diren argituko dugu.

- Edukiak:

Elkarrizketa bideratzen saiatuko gara, horrela nahi dugun informazioa lortu eta aurretik geneukanarekin alderatu ahal izango dugu eta gure eskarmentua eta gaitasunak ezagutzera emango ditugu.

Telefono bidezko harremana

Enplegua lortzeko bide aproposa dugu telefono bidezko harremana. Enpresarekin harremanetan jartzeko eta geure burua aurkezteko erabiliko dugu.

Telefono bidezko harremana honako hauetarako erabiliko dugu:

- Hitzordua eskatzeko, informazioa jasotzeko eta elkarrizketa bat egiteko.

- Nahi dugun enplegua bilatzeko beharrezkoa dugun premiazko informazioa jasotzeko.

- Lanpostu zehatz baten inguruko informazioa lortzeko.

- Lan-elkarrizketa lortzeko.

Dena dela, kontuan hartu behar dugu telefonoz komunikatzea ez dela lan erraza izaten. Aukeratutako enpresara lehen aldiz deitzean, gure izena eman beharko dugu eta gure deiaren zergatia azalduko dugu laburki. Ezinbestekoa da gure deia egitean, papera eta arkatza aldean izatea, emango dizkiguten datu guztiak idatzi ahal izateko. Oso adeitsu eta atsegin agertu beharko dugu elkarrizketa osoan zehar.

Telefono bidezko harremana izatean, honako hauek izango ditugu kontuan:

- Gidoi batekin trebatuko dugu geure burua. Ez da gauza bera pertsona batekin telefonoz hitz egitea edo harekin zuzenean hitz egitea.

- Mintzatu nahi dugunari buruzko gidoia izango dugu aurrean.

- Deia planifikatu beharko dugu (aurkezpena, deiaren zergatia, ondorioak). Ahaleginduko gara gure deiaren helburua lortzen, erantzunak lortzen, hain zuzen ere.

- Gertu egon behar dugu. Enpresari buruzkoa informazioa jaso beharko dugu: norena den, enpresaren jarduera, produktuak, zerbitzuak, merkatua, egitasmoak, emaitzak, fakturazioa...

Hautaketa prozesuko elkarrizketa pertsonala

Elkarrizketaren bidez, hautatzaileak guk geure buruaz emandako informazioa egiaztatu eta osatu ahal izango du.

Elkarrizketa mementorik egokiena dugu bete nahi dugun lanposturako behar diren gaitasunak baditugula agerian jartzeko.

Elkarrizketaren gakoa hautatzaileari guri buruzko informazio guztia ematea da. Hortaz, bi eginkizun nagusi izango ditugu: hautatzailearen galderei zehatz eta mehatz erantzutea eta enpresak behar duen hautagairik egokiena garela sinetsaraztea.

Hona hemen elkarrizketa bat egiterakoan kontuan izan behar duguna:

- Gure indarguneak identifikatu behar ditugu eta agerian jarri beharko ditugu elkarrizketan zehar. Ahulgunerik izatekotan eta haiei buruz galdetzekotan, gertu egon beharko dugu horiek justifikatzeko.

- Ezin gara inola ere isilik geratu. Enpresak guru buruzko informazio guztia jaso nahi du.

- Eskatu ahal dizkiguten agiri guztiak eramango ditugu (tituluen ziurtagiriak, lan-bizitzaren agiria...).

- Elkarrizketan egingo dizkiguten galderak orokorrak zein zehatzak izan daitezke. Galdera bakoitza erantzuterakoan, ondo pentsatuko dugu erantzuna eta zehatz eta mehatz erantzuten saiatuko gara.

Honako hauek zainduko ditugu:

- Puntualtasuna.

- Komunikazioa (hitzezkoa zein hitz gabekoa)

- Gure itxura zaindu beharko dugu. Horretarako kontuan hartu beharko dugu zein enpresatan egingo dugun elkarrizketa.

Hautaketa elkarrizketa egiten duten profesionalek hiru gauza izaten dituzte kontuan:

- Ordura arte izandako prestakuntza edo egindako ikasketak. Hau da, egiaztatu behar dute eskaintzen ari zaizkigun lanposturako ezaupideak eta eskarmentua ditugula

- Aurretik izandako lan-eskarmentuak beteko dugun lanpostuarekin zerikusia duela. Hautatzaileak ziur egon behar du lanposturako balio dugula.

- Gure gaitasunak eta izaera kontuan izango ditu. Erronka berriei aurre egiteko prest gaudela sinetsi behar du.

Bestelako hautaketa-prozesuak

Hainbat enpresak, aurretik aipatutako teknikez gain, beste hainbat erabiltzen dituzte hautagaiak aukeratzeko orduan.

Erabilitako tekniken helburua enpresak bete nahi duen lanposturako hautagairik egokiena aukeratzea da.

Hona hemen erabilitako zenbait teknika:

- - Test Psikoteknikoak

- - Taldekako probak (talde dinamikak).

- - Lan arloko probak.

- - Lanpostu zehatzak betetzeko berariazko probak.

Test Psikoteknikoak

Proba honen bidez hautatzailea lanpostuan izango dugun jarrera zehazten saiatuko da.

Besteak beste, honakoak neurtuko ditu:

- Izaera.

- Adimen koefizientea.

- Hitz ulertzea.

- Zenbakizko kalkulua.

- Espazio-hautematea.

- Arrazoibide abstraktua.

- Arreta eta sailkapena.

- Oroimena.

- Adimen mekanikoa.

- ...

Teknikak lanposturako behar diren ahalmen, trebetasun eta gaitasunen araberakoak izango dira.

Hauxe da kontuan izan behar duguna:

Beharrezkoa da gehien erabiltzen diren teknikak ezagutzea eta horietara ohitzea.

Elkarrizketa batera joan aurretik praktikatu behar dugu. Badira hainbat argitalpen elkarrizketak nola egiten diren azaltzen dutenak.

Jarraibideak arretaz irakurri beharko ditugu (elkarrizketa bakoitzak bere jarraibideak ditu).

Hautatzaileak emandako jarraibideei erreparatuko diegu.

Ez dugu denbora luzea emango galdera bakoitza erantzuten. Galderaren bat erantzun barik utzi badugu, elkarrizketaren amaieran erantzuten saiatuko gara.

Taldekako probak

Enpresa askok taldekako proba egiten dute aurretiko hautaketa bat egindakoan eta lanpostura egokitzen diren zenbait pertsona aukeratu dituztenean.

Metodologia: hautagai guztiekin talde bat edo zenbait talde osatzen dira eta eztabaidatzeko gai bat planteatzen zaie.

Helburua: egoera zehatz batean hautagaiek dituzten gaitasunak, trebetasunak, ezaupideak, eta abar zehaztea. Hautatzaileak bete behar den lanpostura ondoen egokitzen diren hautagaiak aukeratuko ditu eta horretarako lidergo gaitasuna, erabakiak hartzeko gaitasuna, arazoei aurre egiteko gaitasuna eta ekimena izango ditu kontuan.

Horrelako probek enpresari behar duen langilearen profila hobeto mugatzeko aukera ematen diote.

Zenbait tipologia daude eta bakoitzak helburu jakin bat dauka:

- Foroa.

- Mahai-ingurua.

- Taldeak.

- Eztabaida.

- Mintegia.

- Ideien zurrunbiloa.

- Sinposio.

Aipatutako probak egitean, aholku hauek izango ditugu kontuan:

Proposatutako gaia lantzeko eman dizkiguten material idatzi guztiak arreta handiz aztertuko ditugu.

Rol bat betetzeko eskatzen badigute, arreta jarriko dugu aurrerago egin beharko dugun eztabaidan.

Ezatabaidan parte hartuko dugu gure helburua lortzeko asmoz.

Gainerako partaideak entzungo ditugu. Ahal izanez gero, oharrak hartuko ditugu.

Parte hartzean, argi eta garbi hitz egiten eta besteen parte hartzea bultzatzen saiatuko gara. Ez gara gehiegi luzatuko.

Taldeari konponbideak eskaintzen saiatuko gara.

Zehaztu diguten denbora-tartean adostasun batera heldu beharko dugu, beraz, denbora begiratu.

Test psikoteknikoen kasuan bezala, badaude taldekako probeei buruzko argitalpen asko ere.

Lan arloko probak

Lan arloko probak eginkizun zehatz batean erakutsitako ezaupideak, gaitasuna eta trebetasuna ebaluatzen dituzten ariketa teoriko zein praktikoak dira.

Eginkizunak askotarikoak izan daitezke: txosten bat, egitasmo bat zein ikerketa bat egitea, tresna bat konpondu edo muntatzea, jarduera zehatz bat egitea, arazo bat konpontzea...

Lanpostu zehatzak betetzeko berariazko probak

Zenbait enpresak bere probak diseinatzen dituzte bete nahi dituzten lanpostuen arabera.

Probak idatzikoak izan ohi dira (test modukoak) eta hautagaien lehen hautaketa egiteko erabiltzen dira.

Adimen gaitasunen testak

Test hauen bidez lanpostuari loturiko eginkizun zehatzak egiteko behar diren adimen gaitasunak ebaluatzen dira.

Aipatutako gaitasunak ebaluatzeko erabiltzen diren testak bai-ez erantzuteko galdera motakoak dira. Galdeketa denbora-tarte mugatu batean erantzun beharko dugu eta saiatuko gara ahalik eta galderarik gehien erantzuten. Test eredua eta maila enpresaren eta enpresak eskainitako lanpostuaren araberakoak izango dira.

Arrazoibide abstraktua: Datu zehatz batzuetatik abiatuz eta logika deduktiboa erabiliz, ondorio batzuk atera beharko dira.

Hitzezko gaitasuna: Ulertzeko eta idatziz zein ahoz adierazteko gaitasuna izatea; hizkuntza ondo jakitea, hitz egiteko erraztasuna izatea, hiztegi zabala izatea...

Kalkuluak egiteko gaitasuna: Eragiketak ulertzeko eta eragiketekin lan egiteko gaitasuna izatea.

Espazio-hautematea: Espazioan dauden formak, bolumenak eta distantziak bereizteko eta figurak eta objektuak bi edo hiru dimentsiotan irudikatzeko gaitasuna izatea.

Eskuekin lan egiteko gaitasuna: Eskuen erabilera eskatzen duen edozein lan egiteko gauza izatea.

Arreta-kontzentrazioa: Lan errepikakorra eta monotonoa egiten gaudela adi egoteko eta kontzentrazioa ez galtzeko gaitasuna izatea.

Aholkuak

Jarraibideak arreta handiz irakurtzen eta ulertzen saiatuko gara. Aztertzaileak emandako arauak ere oso kontuan hartuko ditugu eta galderaren bat ulertu ezean, horren gaineko argibideak eskatuko ditugu.

Oso adi egon beharko dugu elkarrizketa osoan. Ona da tentsio apur bat nabaritzea, gure errendimendua hobetuko baitu. Probak aurrera egin ahala, konfiantza handiagoa sumatuko dugu. Gure arreta osoa testean jarri beharko dugu, han dauden beste pertsonengan pentsatu barik.

Enuntziatuak adi-adi irakurriko ditugu eta erantzutean aukera posible guztiak izango ditugu kontuan. Galderak erantzutean, gogoan izango dugu gako-hitzen garrantzia.

Helburua probaren amaierara heltzea da. Ez dugu denbora luzeegia emango galderak erantzuten, baina arreta handiz irakurriko ditugu. Ahal izanez gero, galderarik zailenak azken mementorako utziko ditugu. Ez dugu beharrezkoa dena baino gehiago egingo.

Galdera batzuen erantzunak begi-bistakoak izango dira, beraz, batzuetan ez dugu burua gehiegi nekatu beharko. Erantzun egokiak ez dira beti zailenak izango.

Gure jarrera zaindu beharko dugu. Laguntzeko, lan egiteko eta arduratsu jokatzeko prest agertu behar dugu, oso ezaugarri onak baitira. Gogoan izan behar dugu lanean egongo bagina bezala jokatu behar dugula.

Pertsonalitate probak

Lanpostuaren eskakizunen arabera, erabakigarria izango da hautagaiak prozesuan zehar adierazitako izaera. Dena dela, lanpostua edozein izanik ere, gizartera moldatzeko, ekintzaile izateko, arauetara egokitzeko eta arduratsu jokatzeko gaitasunak oso kontuan hartzen dira edozein elkarrizketatan.

Pertsonalitatea zehazteko galdeketa: Bai-ez erako galderak izango dira (bizpahiru erantzun). Galderetatik ateratako informazioak hautagaiaren izaera zehazten lagunduko du (egonkortasun emozionala, barnerakoitasuna / kanporakoitasuna, norberaren burujabetasuna, autoritarismoa...).

Aholkuak:

Jarraibideak jarraitu, zintzotasunez erantzun, ez eman muturreko erantzunik eta galdera guztiak erantzun ahalik eta azkarren.

Test proiektiboak: Subjektuari bere nortasun-egitura sakona osatzen duten elementuak proiektatzea edo kanporatzea ahalbidetzen dion testa.

Berariazko aholkuak:

Oro har, arruntak ez diren edota muturrekoak diren erantzunek bitxiak garela adieraz dezakete. Dena dela, lanpostuaren araberako interpretazioa izango da.

Azterketa grafologikoak: test proiektiboen modukoa da. Pertsonaren idazkera aztertuz haren nortasuna eta izaerateknika da. interpretatzeko

Berariazko aholkuak:

Orrialdea txukun mantendu, marjinak zaindu, marra horizontalak edo goranzkoak egin, idazkera irakurterraza egin eta izenpea jarri.