Zer da sexualitatea?
Sexualitatea gizakion berezko ezaugarria da (ez dio axola adinak, sexuak edo kulturak) eta nahitaez bizi behar dugu, ezin baitugu geure bizitzako beste alderdietatik banandu.
Sexu eta Ugaltze Eskubideen Gutunaren eta legearen arabera, gizakiok badugu geure sexualitatea eta ugalketa askatasun eta duintasun osoz bizitzeko eskubidea. Horrez gain, gure sexualitatea modu osasuntsuan eta arduratsuan bizitzeko aukera dugu eta ez dugu lotsa ezta beldurra ere sentitu behar besteen aurrean.
Sexualitatea gizaki guztion eskubidea izateaz gainera, besteekin eta geure buruarekin komunikatzeko modu positiboa ere bada. Sexualitatea bizitzean, gure gorputza ezagutzeaz aparte, plazerra sentitzeko gaitasuna ere garatzen dugu.
Sexualitatea ez da koito hutsa. Gure gorputzak eskaintzen dizkigun sentsazio guztiak biziki sentiarazten dizkigu. Hori dela-eta, pertsona bakoitzak eta bikote bakoitzak hainbat modutan bizi dezake bere sexualitatea, ez baitago araurik ezta errezetarik ere. Gurekin bizi diren pertsonen desirak, askatasuna eta integritatea errespetatuz gero, edozein jarrera, fantasia edo desira da zilegi (tentsioz edo larriminez bizi ez badira).
Sexuaren inguruko gaiei "normalak" edo "anormalak" deritzegu bizi garen kulturak, ohiturek, moralak, erlijioek, eta abarrek ezartzen dutenaren arabera. Jarrera zehatz batzuei "etiketak" jartzeak kalte larria egiten dio sexualitatearen garapenari.
|
Zer da sexualitate osasuntsua?
Sexualitate osasuntsuaz mintzatzean, gure sexualitatea gozatzeko dugun eskubideaz eta beharraz ari gara, baina saiatu behar dugu sexualitateak gure osasunari eta besteren osasunari kalte egin ez diezaien, sexualitate osasuntsua praktikatzen ahalegindu behar dugu. Oso arduratsuak izan behar dugu gai honekin, hil edo biziko kontua baita.
Gure gorputza ezagutzen ikasten badugu, aldaketarik egonez gero, berehala konturatuko gara aldaketa hori kezkatzeko modukoa den ala ez. Hori horrela bada, konturatu behar gara GEURE ardura dela gure osasuna zaintzea.
Lehenengo eta behin, HIGIENEA zaindu behar dugu. Ahaleginduko gara gure gorputza oso garbi izaten eta gure bikotekideari ere gauza bera eskatuko diogu. Gorputza garbi izanez, ondorio latzak dakartzaten infekzioak ekiditeaz gain, besteen bazterketa ere saihestuko dugu.
Bigarrenik, ARDURAZ JOKATU behar dugu. Arduratsuak izanez gero, ez dugu nahigabeko haurdunaldirik izango eta ez dugu sexu bidez transmititutako gaixotasunik (STG) pairatuko.
Zalantzarik edo kezkarik izanez gero, hobe dugu geure medikuarenera edo gure herriko familia-plangintzako zentrora joan, hor ezin hobeto aholkatuko baitigute. Ez dugu inongo lotsarik sentitu behar aipatutako tokietara joateko, bietan ere gordeko baitute gure konfidentzialtasuna.
Neskek hobe lukete ginekologoarenera joatea sexu harremanak izan aurretik. Ginekologoak hainbat galdera egingo dizkigu geure historia klinikoa idazteko asmoz. Kasuaren arabera, gure arazo ginekologikoez galdetuko digu edo horiei buruzko informazioa eskainiko digu eta zein antisorgailu erabili behar dugun aholkatuko digu. Datu hauek jasota, jakingo dugu zeri emango diogun garrantzirik handien: prebentzioari, gaixotasunen diagnostikoari...Hortik aurrera gure esku dago medikuak agindutako tratamendua jarraitzea ala ez.
Oinarrizko kontzeptuak aipatu eta gero, hainbat argibide emango ditugu ondoko gai hauen inguruan: ohiko sexu-trastornoak, sexu bidez transmitituako gaixotasun (STG) ezagunenak eta gaur egun erabiltzen diren antisorgailuak. Emango dugun informazioarekin ez dugu inor ikaratu nahi. Gure asmoa gutariko batek ondoren aipatuko dugun sintomaren bat izatean medikuarenera joaten animatzea da, bai tratamendua jasotzeko bai antisorgailuen gaineko informazioa jasotzeko.