Zer egin daiteke aspaldi honetan mugarik ez daukan eta indartzen ari den mundu mailako lan merkatuan murgiltzeko? Atzerrian lan egin nahi duen orori, ondorengo orrialdeetako oinarrizko informazioa irakurtzea komeni zaio.
Badaude dirurik ez duten eta atzerrira turismoa egitera joan nahi duten gazteak. Azken horientzat eta atzerrira lan egitera joan nahi duten gazteentzat propio idatzi dugu monografiko hau.
LEHEN URRATSAK
Lehenengo aukera: hasteko, erabaki behar da iraupen laburreko edo luzeko egonaldia egin nahi den. Iraupen laburrekoak, oro har, enplegu ez-kualifikatuak izango dira, hiruzpalau hilabetekoak eta EBn egin nahi badira, ez da baimenik beharko. Besteak beste, Au-pair aritzeko, ostalaritzan eta zerbitzuetan lan egiteko, nekazaritza-lanetan jarduteko, parkeak zaintzeko...kontratuak izango dira.
Denbora luzeko edo nahiko luzeko egonaldia egin nahi dutenek, edota aldi baterako lan-kontratua mugagabea izatea nahi dutenek, kualifikazioa beharko dute, ondorioz, ikasketa-tituluak homologatu beharko dituzte. Kasu horretan, lan eta egoitza baimena beharko dira eta, besteak beste, lan hauek izateko aukera emango dute: enpresa-praktikak, langile gazteen arteko trukea, lan espezialdu edo teknikoak, itzultzaile edota interpretea, industria edo osasun arloan lan egitea...
Bigarren aukera: lana nola lortu. Bilaketa aktiboa egitea erabakitzen bada, norberak aztertuko ditu informazio iturriak eta norberak deitu beharko die lana eskaintzen dutenei, lan eskaintzak kontsultatu, izapideak egin...Bilaketa bitarteko-enpresen bidez (aldi baterako lan enpresak edo langileak eskatzen dituzten enpresak) eginez gero, kudeaketa-gastuak ordaindu beharko dira, baina arinago lortzen da norberaren ikasketekin loturarik handien duten lanen arduradunekin harremanetan jartzea. Enpresa horiek behar diren izapideak egingo dituzte eta ikasleak ez du hainbesteko lanik egin beharko.
Atzerrira joan baino lehen, badaude kontuan izan behar diren gomendio batzuk. Ondoren, beharrezkoa den informazioa arlotan banatuko dugu, bilaketa egin behar izanez gero, erraza izan dadin.
LEGE ALDERDIAK
Beste herrialde batera joan orduko kontuan hartu behar da zein baldintza bete behar diren herrialde horretan sartu ahal izateko eta nahi besteko denbora eman ahal izateko.
Badago aldea Europako Batasuneko herrialdeen eta gainontzeko herrialdeen artean. Europako Batasuneko herrialderen batera joanez gero, Europako herritarrek zenbait abantaila izango dituzte bidaiatzeko eta lan egiteko orduan, baina Europaz kanpoko herrialderen batera joaten animatzen denak, hainbat baldintza bete beharko ditu.
Europako batasuneko herrialdeak
Egun 27 herrialdek osatzen dute EB: Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Zipre, Danimarka, Espainia, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Italia, Letonia, Lituania, Luxemburgo, Malta, Herbehereak, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Errumania eta Suedia.
Zein agiri behar dira herrialde hauetara sartzeko?
Europako Batasuneko herrialdeetara sartzeko, nahikoa da NA eramatearekin, baina, badaezpada ere, komenigarria da pasaportea ere eramatea.
Pasaportea Espainiako Goi Buruzagitzan, Polizia Etxeetan eta Espainiak atzerrian dituen enbaxada eta kontsulatuetan eska daiteke.
Barne Ministerioaren web orrialdean ere, pasaportearen inguruko informazio gehiago eskura daiteke: http://www.mir.es/. Pasaportea izatekotan, iraungitze-datari erreparatu behar zaio.
Zenbat denbora emango da aukeratutako herrialdean?
6 hilabete eta urtebete bitartean: Aldi baterako egoitza agiria eskatu behar zaie eskumena duten erakundeei.
Urtebetetik gorako egonaldietan: Egoitza-baimena eskatu beharko da (EBko herritarrek egoitza-eskubidea dutela egiaztatzen duen agiria da). Herrialdera heldu eta sei hilabetera eskatu behar da.
Non? Aukeratutako herrialde horretan hurbilen dagoen enplegu-agentzian edota Espainiak herrialde horretan duen enbaxadan edo kontsulatuan galdetu behar da.
Europako batasunekoak ez diren herrialdeak
Zein agiri behar dira herrialde hauetara sartzeko? Gainontzeko herrialdeek gehienbat bisa eskatzen dute. Bisa indarreko pasaportuarekin batera eskatuko da joan nahi den herrialdeko enbaxadan zein kontsulatuan.
Hainbat bisa mota daude:
Turismoa egiteko bisa: egonaldia, gehienez ere, 90 egunekoa izan daiteke eta herrialde batzuetan laburragoa ere izan daiteke.
Lan egiteko bisa: joan nahi den herrialdeko Lan Ministerioak edo agintari eskudun batek egindako lan-eskaintza bat behar da; baimen honen egiaztapena lortuta, egoitza- eta lan-baimenak eskatuko zaizkio Barne Ministerioari edota agintari eskudunen bati.
Politika, erlijioa, ikasketak, boluntariotza...direla eta atera behar diren Bisak.
Herrialde batzuek, hala nola Australiak, AEBek eta Kanadak, Bisa egiteko eskatzen dituzten baldintzak eta izapideak beste herrialde batzuetakoak baino korapilatsuagoak dira eta, horrez gain, batzuetan enbaxadarekin elkarrizketa bat egitea eskatzen dute edota test batzuk gainditzea, beraz, adi egon!
Kontuan izan behar da zenbat egun beharko diren Bisa tramitatzeko, herrialde batzuetan 2 eta 15 egun bitarteko izapidea izaten baita. Horrez gain, Bisa noiz iraungiko den ere kontuan hartu behar da. EBkoak ez diren herrialde gehienetan sartu aurretik, beharrezko agiriak izan behar dira.
Xehetasun gehiago izan nahi izanez gero, www.visados.org/visados.htm orrialdea kontsulta daiteke. Beste web orrialde honetan ere www.mae.es/mae/textos/consulares/fichas/rescvia.htm herrialde bakoitzak eskaturiko baldintza eta agiriak alfabetikoki sailkatuta aurki daitezke. Enbaxada eta kontsulatuen helbideak "Baliabideen direktorioa herrialdez herrialde" izeneko atalean kontsulta daitezke.
Gidabaimena dutenek hobe dute ikastera edota lan egitera joango diren herrialdean duten gidabaimenak balioko dieten jakitea. EBko herrialdeetara edota Ginebra edo Vienako Hitzarmena indarrean duten herrialdeetara joanez gero, ez da inolako arazorik izango. Nahikoa da herrialde horietako Trafiko Buruzagitzara joatearekin eta norberaren egoera zein den azaldu. Honen gaineko informazio gehiago http://www.dgt.es/ orrialdean aurki daiteke.
Gainontzeko herrialdeetan, ordea, Gidatzeko Nazioarteko Baimena eskatu beharko da, inolako arazorik gabe gidatu nahi bada. Eskuratzeko norberari dagokion Probintziako edo Tokiko Trafikoko Buruzagitzara joan beharko da. Baimen honek urtebeteko balioa du. Informazio gehiago jaso nahi duenak, orrialdea hau kontsulta dezake: www.terra.es/personal2/betelgueuse/admonweb/paginas/percond2.htm
Aukeratu dugun herrialdean gaudela
Garrantzitsua da kontsulatuak eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzea, inoiz behar izatekotan, oso baliagarriak izango baitira.
Kontsulatuak honako honetan lagun dezake:
-Ikasleak etxera bueltatu nahi izanez gero, baina Pasaportea galdu bazaio, bidaiatzeko balioko dion agiri bat emango diote.
-Baliagarri den informazioa eman dezakete, hala nola medikuak, ospitaleak, ikastetxeak, interpreteak, enpresak eta abokatuak non aurkitu.
-Atxilotuak edota kartzelaratuak izanez gero, laguntza eman ahal diote atxilotuari.
-Hala badagokio, aberriratze gastuak ordain diezazkiokete behar duenari, baina, pertsona horrek aukera duenean, prestatutako dirua Altxor Publikoari bueltatu beharko dio.
-Atzerrian egonda, honako zerbitzu juridikoak eman ahal dituzte: erregistro zibila, notariotza, eskabideak erakunde espainiarrei bidali...
Kontsulatuak ezin du honako hau egin:
-Bidaia-agentzia baten lana egin.
-Ezin dio lan bat atzerrian bilatu hara doanari.
-Ospitaleratuei edota kartzelaratuei, ezin die bermatu jasoko duten tratua herrialde horretako herritarrek jasotzen dutena baino hobea izango denik.
-Dirua prestatu edota abalik eman.
-Ezin du norberarentzat lan egingo duen interpreterik, gidaririk edota gizarte laguntzailerik eman.
Gogoan izan behar da, beste herrialde batera joanez gero, hango arauak bete behar direla, hori dela eta, ondo legoke hango legeari buruzko oinarrizko ezagutza izatea. http://www.juridicas.unam.mx/ orrialdean nabigatzaile juridiko bat dago, eta honetan herrialde guztietako gobernuek dituzten datuak, konstituzioak, legeria...aurkituko dira.
Oso garrantzitsua da kontuan izatea noiz iraungiko den norberaren Bisa, Lan-baimena edota Egoitza-baimena. Zalantzarik izatekotan, www.mundofree.com/extranjeria web orrialdea kontsulta daiteke. Ezin da ahaztu edozein herrialdetako Espainiako Kontsulatuan edonolako zalantzak argituko dituztela.
OSASUN ALDERDIAK
Herrialde batera joaterakoan, kontuan izan behar da zer egin behar den osasun-arazoren bat izatekotan.
Europako batasuneko herrialdeak
Europako Osasun Txartela banakakoa da eta honi esker Europar Batasuneko hiritar guztiek osasun zerbitzua jaso ahal izango dute Europako Batasuneko, Europako Esparru Ekonomikoko eta Suitzako edozein herrialdetan. Doako zerbitzua izango da txartela iraungi arte.
Txartela jaso ahal izateko Gizarte Segurantzako edozein Arreta Zentrotara joan beharko da, eta mementoan egingo dute. Titularraren menpeko senitartekoen kasuan, P-1 eredua aurkeztu beharko da.
Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalera (GSIN) jo behar da, 900-166565 doako telefonora deitu edota www.seg-social.es/inss web orrialdea kontsultatu.
Europako erkideogkoak ez diren, baina espainiarekin aldebiko hitzarmena duten herrialdeak
Espainiak, osasun alorrean, honako herrialdeekin dauka aldebiko hitzarmena: Andorra, Brasil, Txile, Ekuador, Paraguai, Maroko eta Peru.
Berehalako laguntza behar izanez gero, GSINek emandako inprimakia izan beharko da aldean. Atzerrian osasun-laguntza eskatzeko behar diren dokumentuak eta izapideak EBko herrialdeetan behar direnak dira. Salbuespena GSIEk emandako inprimakia da, hau aukeratutako harrialdearen araberakoa izango baita.
Atzerrian nork bere kontura lan egin nahi badu edota araubide bereziko lanen batean jardun nahi badu (autonomoak, itsasoa, ikatza...), hobe luke ondoko web orrialde hauek kontsultatzea:
www.seg-social.es/contenidos/asuntostecnicos/normativa
www.seg-social.es/ism/maritima
Txertoak
Atzerrira joan orduko, hautaturiko herrialdean zer-nolako txertoak emateko eskatzen duten jakin behar da. Osasun Ministerioaren web orrialdean honi buruzko informazio guztia jaso daiteke:
www.msc.es/salud/exterior/principal.htm
LAN ALDERDIAK
Atzerrian lan bilatzeko eta aurkitzeko orduan, lanpostuari, lanpostu-baldintzei, zergei eta langabezia-prestazioari loturiko informazioa izatea oso erabilgarria izan daiteke.
Europako Batasuneko herrialdeetan, gehienez ere hiru hilabetez egotekotan, NA edota pasaportea baino ez da beharko.
Norberaren asmoa hiru hilabete baino gehiago egotea bada, Erkidegoko Egoitza-baimena eskatu beharko da. Hori jasotzeko, betiere herrialdearen arabera, atzerritarrentzako bulegora, polizia-etxera edota udaletxera joan beharko da, eta NA edo pasaportea, hiru argazki eta nagusiaren gutuna eraman beharko dira. Dena den, baimen hau jaso aurretik ere lan egin daiteke.
Komenigarria da, eta batzuetan ezinbestekoa, kontu korronte bat irekitzea, soldata zuzenean sartzen baititute langilearen kontuan. Kontua irekitzeko NA eta herrialdean bizi garela egiaztazten duen agiria aurkeztu beharko dira.
Kontratuak
Kontratua lan-zerbitzuak eskaintzen dituen eta zerbitzu horiek eskatzen dituen pertsonaren arteko hitzarmena da. Kontratuan honakoek agertu behar dute: soldata, eginkizunak, lantokia, laneko ordutegia, oporraldi ordainduak, eta abar. Herrialde guztietan onartzen dira hitzezko kontratuak, dena dela, hobe kontratu idatzia eskatzen bada. Lanaldi partzialeko eta bitarteko lan-kontratuak idatziak izango dira nahitaez. Kasu guztietan, erkidegoko araudiak nagusiak langileari lanpostuari dagozkion xedapenak idatzirik ematera behartzen du.
Soldatak
Kontuan izan, Espainian ez bezala, herrialde batzuetan ez dagoela legeak arauturiko gutxieneko soldata bat. Espainiak bezala Frantziak, Belgikak, Islandiak, Luxenburgok, Herbehereek eta Portugalek ere badute gutxieneko soldata hori. Soldata hori, orokorrean, hitzarmen kolektibo edota langile eta nagusiaren arteko akordioen bidez adosten da.
Lanaldia
Herrialdearen arabera, lanaldia astean 36 eta 42 ordu bitartekoa da. Kontratuek eta hitzarmenek zehaztuko dituzte lanorduak.
Oporrak
Langileak urtean 20 eta 30 opor-egun inguru izango ditu eta horiez gain, 8 eta 12 jaiegun inguru izango ditu.
Arazorik izatekotan
Lan-arazorik izatekotan (bidegabeko kaleratzea, bazterketa, osasun-arazoak eta segurtasuna...), honako toki hauetara jo behar da: enpresa-batzordea (horretarako behar den beste langile izan behar ditu anpresak), lan-sindikatuak, tokiko zerbitzua eta laneko ikuskatzailetza.
Zergak
Zergak hainbat motatakoak izan daitezke herrialdearen arabera. Herri batzuetan soldatatik kenduko diote langileari portzentaje bat, baina beste herrialde batzuetan, hala nola Danimarkan, Finlandian eta Norvegian, %60 ken diezaiokete zergadun txartela ez daukanari. Gainerako herrialdeetan, hobe litzateke Zerga Agentzietan galdetzea zein izango den langileari kenduko dioten zenbatekoa.
Aipatutakoaz gain, honako hau izan behar dugu kontuan
Arazorik ez izateko, hobe da (eta batzuetan ezinbestekoa) joan nahi den herrialdean sartu aurretik lan bat topatzea. Horretarako atzerrian lan egiteko egitarauak kudeatzen dituzten, lan-poltsetan sartzeko aukera ematen duten eta eman behar diren urratsetan lagunduko duten erakunde publikoekin jarri behar da harremanetan. Balizko enplegatzaileekin harreman estua duten erakunde pribatuen laguntza ere eskertzekoa izango da.
Prentsako iragarkiekin adi! Zuri guztiak ez baitira irinak. Egiaztatu behar da eskaintzen dituzten lanpostua eta soldata benetakoak direla. Herrialdean sartzeko paperak kontratatuko den enpresak egiten baditu, ondo legoke norberak ere prozesuaren jarraipena egitea ustekaberik ez izateko. Ezin dira inola ere onartu legez kanpoko lanak. Norbaitek horrelako lan bat onartuz gero, ez baitu esplotaziotik babesteko aukerarik izango.
INTERESGARRIAK DIREN BESTE ALDERDI BATZUK
Gazte txartela eta gazte karneta
Gazte karneta eta gazte txartelari esker beherapenak eskura daitezke ostatuetan, garraioetan eta aisialdiko eta kultur-ekintzetan
Baldintzak: gehienak egiteko 14 eta 26 urte bitartean izatea.
Informazio gehiago izateko gure herriko edota probintziako Gazteentzako Informazio Bulegoen web orrialdeak kontsultatu ahal dira.
Dirua
Aukeratutako herrialdea Europan badago, ez da euroa ez den beste txanponik erabili behar izango. Euroak honako herrialdeetarako balio du: Alemania, Austria, Belgika, Espainia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Holanda, Irlanda, Italia, Luxenburgo eta Portugal.
Danimarkan, Erresuma Batuan, Suedian eta Eurogunean ez dauden gainerako herrialdeetan, euroak aldatu beharko dira herrialde horietako txanponen truke. Finantza erakundeetan galdetuta, abantailak eta beherapenak eskainiko dituen kreditu txartelen bat egitea aholkatuko dute.
Herrialde guztietako txanponen gaineko informazioa jaso nahi izanez gero, http://www.europa.eu.int/euro/html kontsultatu ahal da eta euroak beste txanponen batzuen truke aldatzeko: www.deviajes.navegalia.com/deviajes/paises/c_cambio1.htm
Ostatuak
Norbere kontura bidaiatzekotan, gastu guztiak ordaindu beharko ditu, beraz, zerbitzu eta prezio egokiak lortzen saiatu beharko da. Lehenik, dauden eskaintza guztiak kontuan hartu beharko dira. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobeto, alderatzeko aukera gehiago egongo baita. Bigarrenik, eskaintzen berri izateko turismo-agentziak, aukeratutako herrialdeko turismo-agentziak, TIVE, Gazteentzako Turismo Bulegoak, Hotel gida ofizialak, bidaia gidak eta norberaren herriko Gazteentzako Informazio Bulegoak daude.
Informazio gehiago nahi izanez gero:
www.destinosonline.com/mapa.htm