EGIN DAITEKEEN LAN MOTA

 

Komengarria da norberaren gaitasunak, trebetasunak eta interesak zeintzuk diren aztertzea lanbidea aukeratu aurretik. Kontuan izan behar da kualifikatuak ez diren lanak oso gogorrak direla eta txarto ordainduta daudela.

Garrantzitsua da gogoan izatea egin nahi den lana aldi baterako izatea nahi den (udan edota oporretan lan egitea) edota iraunkorra izatea nahi den (denbora luzeagoa emango da aukeratutako herrialdean). Badaude urte sasoiko enpleguak eta iraunkorrak diren enpleguak, eta azken hauek kualifikatuagoak izaten dira. Nahiz eta lan askotan hizkuntza-maila ona eskatu ez, oso baliagarria da tokiko hizkuntza ondo jakitea.

Atal honetan gehien eskaintzen diren lanez arituko gara. Gehien eskaintzen diren lanak urte sasoiko enpleguari dagozkionak dira, beraz, eskaintza gehienak ostalaritza, turismo, zerbitzu, au-pair eta nekazaritza mundutik helduko dira.

 

 

 

LAN MOTAK

 

 

AU-PAIR

 

Honen bidez 18 eta 30 urte bitarteko gazte batek egonaldi labur bat eman dezake atzerriko herrialde batean hango hizkuntza ikasten eta hango familia batekin bizitzen. Etxeko haurrak zaindu eta etxeko lanak egitearen truke ostatua, mantenua eta “poltsiko dirua” delako soldata txikia jasoko du. Alde bien arteko harremanak guztiz pertsonalak dira, eta au-pair joateak ez du esan nahi mirabe joatea. Egonaldia 6 hilabete eta urtebete artekoa izango da eta bi motatakoa izan daiteke:

-          Au-Pair Plus (edo ama-laguntza): 8 orduko lanaldia izango da, beraz, au-pair doanak aisia laburragoa izango du, baina gehiago irabaziko du.

-          Demi Au-Pair: Au-pair doanak 5 orduko lanaldia da eta ostatua eta mantenua izango ditu. Ez du poltsiko-dirurik jasoko.

 

 

 

TURISMOA, AISIA ETA ASTIALDIA

 

Honen barne honako lan hauek daude: ostalaritza (jatetxeetan, hoteletan, bidaia-agentzietan…lan egitea), begiraleak eta animatzaileak (udalekuetan, bidaietan, jolas-jardueretan…lan egitea), ur- eta jolas-parkeetan lan egitea, eski-estazioetan lan egitea, luxuzko itsas bidaietan lan egitea (hizkuntzak ondo jakitea eta jendearekin moldatzeko erraztasuna izatea eskatuko digute) eta itsasontzietan lan egitea (orokorrean, apiriletik urrira bitartean).

 

 

HEZKUNTZA ETA KULTURA

 

Lan hauek aurrekoak baino kualifikatuagoak izaten dira eta hauek egiteko tituluak eta tokiko hizkuntza ondo jakitea eskatuko dute. Besteak beste, honako hauek dira: hizkuntza klaseak (hezkuntza zentroetan espainiera ematea); itzultzaile eta interpreteak (kultur ekintzetan, biltzarretan, azoketan, ostalaritzan), arkeologia eta natur parkeen zainketa eta kultur trukeak. Ingalaterran, Alemanian, Suedian eta Frantzian, besteak beste, ikastetxe pribatu zein publikoetan aritzeko irakasleak eskatu ohi dituzte. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, dagokion enbaxadarekin harremanetan jarri behar da.

 

 

ATZERRIAN GAZTELANIA KLASEAK EMATEA

Atzerriko hizkuntza eta kultura ezagutza ikasgaiak dituzten hezkuntza zentroetan, akademietan edota hainbat zentrotan lan egin daiteke.

 

 

ITZULTZAILE ETA INTERPRETEENTZAKO LANAK

Mota honetako lana aurkitzea ez da batere zaila, hainbat alorretan eskatzen baitituzte zerbitzu hauek: turismoan, ostalaritzan, harreman publikoetan, turismo-gidetan…Askotan norberaren ama-hizkuntzaz aparte beste bi hizkuntza jakitea eskatuko dute, baina ez da ezinbestekoa.

 

 

ARKEOLOGIA ETA ZAHARBERRITZE LANAK

40 ordu inguruko lanaldia izaten da eta, gehienez ere, bi asteko iraupena du (udan). Hizkuntza nahiko ondo jakin behar da eta gai honi buruzko ezagutzak izatea kontuan hartzen da.

 

 

 

GIZARTEARENTZAKO ZERBITZUAK

 

Kualifikazio ona eta hainbat hizkuntza ondo jakitea eskatzen dute. Eskaintzen dituzten lanbideek osasun profesionalekin (medikuak eta erizainak) dute lotura. Italian, Holandan, Ingalaterran eta Portugalen, besteak beste, alor honetako langileak behar dira. Aipaturiko herrialde horietako enbaxadetara jo behar da informazio eske.

 

Eskaintzen diren lanbideak: komunikabide eta gizarte arloko beharrei daude lotuta, hala nola, kudeaturiko programetan boluntario aritzea, irabazi asmorik gabeko erakundeetan eta GKEetan lan egitea (lan hauek 18 eta 30 urte bitartekoei zuzendurik daude, 40 orduko lanaldiak dira, eta ostatua eta mantenua erakundeek ordaintzen dituzte. Egonaldiak 15 egunekoak dira eta udan izaten dira).

 

 

 

 

 

 

 

NEKAZARITZA ETA INDUSTRIA ARLOKO JARDUERAK

 

 

NEKAZARITZA LANAK

Nekazaritza lan asko eskaintzen dira. Batez ere, lanbide mota hau da errazen lortu ahal dena, honen premia oso handia baita urte-sasoiaren arabera. Lan mota hauek oso egokiak dira natura eta animaliak maite dituztenentzat, landa inguruarekin harreman estua izango baitute uneoro. Gehienbat, honako hauek dira eskaintzen diren nekazaritza lanak: frutak eta barazkiak bildu, abeletxeko abereak zaindu edo nekazaritza arloko beste lanen batean aritu.

 

INDUSTRIAN LAN EGITEA

Zuzeneko helbiderik edo kontakturik izan ezean, oso zaila izango da mota honetako lanpostu bat lortzea. Horrelako lana eskaintzen duen enpresa batekin harremanetan jarri nahi izanez gero, hobe da zuzenean berarekin hitz egitea edota aldi baterako lan enpresa baten bidez harremanetan jartzea. Lan horiek ez dira udan bakarrik egiteko, hau da, edozein urtarotan egin daitezke. Hizkuntza ondo jakitea eta, gehienetan, maila profesional ona eta trebakuntza teknikoa izatea eskatzen dute.

 

 

 

ADMINISTRAZIOA ETA ZERBITZUAK

 

 

ADMINISTRAZIO ETA BULEGO LANAK

Bulego, enpresa edo banku batean administrari edota idazkari lanetan aritu ahal izateko, lan hauekin lotura duen lan-eskaintza bat aurkitu behar da aukeratutako herrialdean. Lan eskaintzen berri Langileak Hautatzeko edota Aldi Baterako Lan Enpresen bitartez edota berariazko lan trukearen bitartez izan daiteke. Lanpostu horiek lortzeko, ezinbestekoa da herrialde horretako hizkuntza eta lan horretan aritzeko hizkuntza espezializatua jakitea.

 

INFORMATIKARIENTZAKO LANAK

Ordenagailuak oso ondo erabiltzen eta informatika programez eta abarrez asko jakin behar da horrelako lan bat lortzeko. Nahitaezkoa da trebakuntza ona izatea eta herrialde horretako hizkuntza ondo jakitea.

 

 

 

ENPRESETAN PRAKTIKAK EGITEA

 

 

Tituludun berriei eta karrerako azken mailetan daudenei zuzenduta daude (hauek egongo diren herrialdeko hizkuntza ondo jakin behar dute). Helburua: euren lanerako behar izango duten hizkuntza teknikoa lan eginez hobetzea. Praktika hauek ikasleari enpresa-errealitate berrietara hurbiltzeko aukera emango diote eta, hau horrela izanik, bere curriculuma ere hobetuko du. Praktika hauek normalean ez dira ordaintzen, dena dela programa batzuen barne gastu pertsonaletarako beka bat eskaintzen da.

Enpresa praktikei dagokienez, gehien eskatzen diren lanak mediku, ingeniari, ekonomialari, soziologo eta abokatu lanetan aritzeko lanak dira.

 

Praktika gehienak unibertsitateek edota hauekin harremana duten erakunde laguntzaileek kudeatzen dituzte. Unibertsitate gehienetan harreman-saila eta nazioarteko programak daude eskura eta hauetan mugikortasun akademikoko programetan laguntzeko, beste herrialde batzuetan doktoregoa ikasteko…informazio guztia eska daiteke.

 

Unibertsitate horien laguntza nahi izan ezean, norberak egin dezake bilaketa enpresa edota agentzia pribatu batzuen bitartez. Agentzia edota enpresa horiek aukeratutako herrialdean eskatzailearen profilarekin bat datozen praktikak eskaintzen dituzten enpresekin jarriko dute harremanetan eskatzailea bera.