Gaixotasun hauek jarduera sexualaren bitartez kutsatzen dira. Sexu harremanak izatean, bi pertsonaren (edo gehiagoren) larruazala eta mukosak kontaktuan egoten dira eta horrek, neurririk hartu ezean, gaixotasunak kutsatzea ahalbidetzen du.
Sexu bidezko gaixotasunak sexu-organoetan batez ere hazten diren mikrobioek eragiten dituzte: birusak, mikrobioak, germenak edo bakterioak izan daitezke. Batzuen sintomak ia ez dira sentitzen hasierako fasean, hau da, STG batzuk asintomatikoak dira (baita HIESa ere). Honek esan nahi du, pertsona bat kutsatuta egon ahal dela berak jakin gabe, eta beste pertsona bat kutsa dezakeela. Horrez gain, kutsatuta dagoen pertsona horrek, behin eta berriro paira dezake STG berri bat, batek besteetatik babesten ez baitu eta hauen aurkako txertorik ez baitago. Neurririk hartu ezean, STG batek oso ondorio latzak eragin ditzake, hala nola antzutasuna.
Nola kutsa gaitezke? Bagina, zakil, uzki edo aho bidezko sexu harremanak izanez gero eta kutsatutako odolarekin kontaktuan egonez gero kutsa gaitezke. HIESak jotako ama batek ere bere seme-alaba kutsa dezake (batez ere haurdunaldian edo edoskitzaroan). Gaixotasun hauen eragileak diren mikrobio gehienek leku epelak eta hezeak behar dituzte bizirik irauteko, hori dela-eta, ahoan, uzkian eta sexu-organoetan (baginan, aluan, zakilean eta barrabiletan) bizi dira.
Gaixotasun benereo bat dugula susmatzen badugu, medikuarenera jo beharko dugu ahalik eta lasterren, edota klinika batera deitu horri buruzko informazioa eskatzeko. Goazen tokira goazela, kontuan izan behar dugu gure kontsulta konfidentziala izango dela, eta STG bat izanez gero, ez dugu lotsa izan behar. Horrelako gaixotasunen bat izanez gero, premiazkoa da tratamendua jasotzea.
Honako hauek dira STGek maiz eragiten dituzten sintomak: hazkura, txiza egitean mina izatea, eta genitalen inguruan ultzerak, babak edota garatxoak izatea. Horrez gain, gizonezkoek ezohiko jariakinak izan ditzakete zakilean, eta emakumezkoek, baginako jario lodiagoa eta kolore eta usain txarrekoa.
Sendatu nahi izanez gero, ezinbestekoa da tratamendua jasotzea, STG gehienak senda baitaitezke. Zenbat eta arinago jaso, orduan eta aukera gutxiago izango ditugu gaitz hori iraunkorra izateko. STG batek kutsatuta egonez gero, lehenbailehen abisatu behar diegu geure bikotekideari eta bikotekide ohiei. Ohartarazi behar ditugu, sintomarik ez badute ere, kutsatuta egon ahal direla, eta hobe dutela medikuarenera joatea.
STGrik ez izateko, onena PREBENTZIOA da. Ez dio axola zein antisorgailu erabiltzen dugun, preserbatiboa (gizonezkoena zein emakumezkoena) aipatutako gaitzak ekiditeko metodorik eraginkorrena da, STGen aurkako barrera egokia baita.
Ondoren, STGrik ohikoenak aipatuko ditugu:
SEXU BIDEZ TRANSMITITUTAKO GAIXOTASUNAK
| STGek eragiten dituzten sintomak (Hauetako sintomaren bat dugula sumatuz gero, ziztu bizian joan behar dugu medikuarenera) |
| IZENA | Síntomak | Tratamendua |
| Genitaletako herpes sinplea | Genitaletan hantura/babak izatea; txiza egitean mina edo erremina izatea | Sintomak arintzeko pilulak eta pomadak daude, baina ez dauka sendabiderik |
| Trikomoniasia | Emakumezkoengan, azkura eta erremina eragiten dituen bagina-jariaketa horixka edo berdexka, eta usain txarrekoa agertzen da. Txiza egitean eta sexu harremanak izatean, mina edo erremina eragiten du. | Antibiotikoak |
| Sifilia | Minik ematen ez duten larruazaleko zauriak, legena edo genitaletako ultzerak | Bakterioen kontrako penizilina injekzioak |
| Gonorrea | Txiza egitean mina edo erremina. Jariakin horixka | Antibiotikoak |
| Chlamydia | Emakumezkoengan ez dauka eraginik; gizonezkoengan, mina edo erresumina, jariakin horixka | Antibiotikoak |
| Pedikulosia | Hazkura edo hazkura handia | Lozioa (ez da errezetarik behar) |
| B Hepatitisa | Larruazala horixka, urdaileko mina, goragaleak, gonbitoak, jariakin horixka | Pilulak, sintomak arintzeko injekzioak. Ez dauka sendabiderik |
Genitaletako herpes sinplea
Infekzio birikoa, errepikaria eta sendaezina. Genitaletako herpesa birus batek eragindako infekzioa da. Sexu organoetan baba txikiak eta minberak sorrarazten ditu aldizka.
Gaur egun ez dago sendabiderik, beraz, behin kutsatuak izan eta gero, hil arte izango dugu. Dena dela, badaude birusa ugaltzea eta hedatzea ekiditen duten eta mina arintzen duten birus kontrako botikak.
Trikomoniasia
Hauxe dugu sexu bidez transmititutako bagina-infekzioriik ohikoena. Trikomoniasiaren eragilea gorputzeko atal hezeetan eta ilunetan bizi den Trichomonas vaginalis izeneko parasitoa da. Kutsatuta dagoen pertsona batekin sexu harremanak babesik gabe izaten baditugu, gaixotasun benereo hau kutsa diezaguke.
Infekzioa sendatzeko, medikuak antibiotiko bat aginduko digu, eta tratamendua amaitutakoan, astebetez itxaron beharko dugu ahozko, bagina edo uzki sexua izan baino lehen.
Sífilia
Sifilia, orokorrean, sexu bidez kutsatzen da eta hiru fase ditu:
- Lehen fasea: 20 eta 30 egun bitartean garatzen da. Ultzera berez sendatzen da, baina gaixotasuna ez, eta infekzioa gorputz barrura hedatzen da.
- Bigarren fasea: urte bat eta bi urte bitartean garatzen da. Sukarra, legena...eragiten ditu.
- Hirugarren fasea: agertu eta hamar eta hogei urte bitartean garatzen da. Bizitzeko beharrezkoak diren organoei erasotzen die, hala nola, bihotzari, nerbio-sistemari, eta abarrei.
Sifilia sendatzeko tratamendua penizilina eta botika alternatiboak hartzean oinarritzen da.
Gonorrea / Gonokozia
Sexu bidez kutsatzen den infekzioa dugu hau. Infekzioaren ohiko lekua gernubidea edo umetokiaren lepoa da, eta odol-hodietara heda daiteke, begiei, artikulazioei, larruazalari, perikardioari, gibelari eta meningeei kalte eginez.
Kutsatutako pertsona batekin sexu-harremanak izan baditugu, antibiotikoak aginduko dizkigute gaixotasuna prebenitzeko. Hori dela-eta, gizonezko batek txiza egitean mina badauka eta gernubideko jariakina sumatuz gero, medikuarenera jo beharko du azterketa bat egitera.
Chlamydia
Chlamydia trachomatis bakterioak eragiten du sexu bidezko gaixotasun hau, eta oso ohikoa da. Gaixotasun honek emakumeen ugalketa organoak kalte ditzake, nahiz eta sintomak nabaritzen ez diren. Ahozko, bagina eta uzki koito bidez kutsatzen da, baita amarengandik seme-alabenaganako ere (bagina bidezko erditzeetan).
Tratamendurik jaso ezean, infekzioa zabal daiteke eta ugalketa-organoetan gaitz larriak eragin ditzake. Osasun arazoak ere eragin ditzake, epe laburrean zein luzean.
Gaixotasun hau antibiotikoak hartuz senda daiteke.
Pedikulosia
Pubiseko ilean dauden potrozorriek edo hauen arrautzek eragiten dute sexu bidezko gaixotasun hau. Bi pertsonaren pubiseko ilea elkar ukituz edo arropa partekatuz transmititzen da.
Soluzioak eta xanpuak erabiliz sendatzen da.
B Hepatitisa
Hepatitisa gibelaren hantura da. B hepatitisaren birusa BHB da eta GIB transmititzen den moduan trasmititzen da: babesik gabeko sexu-harremanen bidez eta kutsatutako xiringak partekatuz. Orokorrean, odolean, semenean eta bagina-jariakinetan badago birusa kutsatzeko behar besteko kopurua.
Nahikoa da preserbatiboa erabiltzea kutsatuak ez izateko. Dena dela, badago B hepatitisaren aurkako txertoa.
GIB eta HIESA
Hartutako Immunoeskasiaren Sindromea edo HIESa birus batek (GIB edo Giza Immunoeskasiaren Birusa) eragindako gaixotasuna da. Birus hau gorputz jariakinetan dago eta odolaren, semenaren, bagina-jariakinen eta amaren esnearen bidez transmititzen da. Birusak sistema immunologikoaren zelulak suntsitzen dituenean, edozein motatako infekzioek eta gaixotasunek eraso diezaiokete gorputzari. Gerta daiteke birusa izatea, baina gaixotasuna ez garatzea; hau da, pertsona horrek beste batzuk kutsa ditzake, bere gorputzean gaixotasuna garatu barik.
Oso ezberdina da GIBa izatea eta HIESa izatea. GIBak jotako pertsonari seropositiboa deritzo, hots, Giza Immunoeskasiaren Birusaren aurkako antigorputzak ditu, beraz, birusaren eramailea da eta beste batzuei transmiti diezaieke.
Dena dela, seropositiboa izateak ez du esan nahi HIESa dugunik, hortaz, HIESa ez garatzeko, neurriak hartu beharko ditugu. Gaixotasuna garatzen da T CD4 linfozito-kopurua odol mililitroko 200 zelula baino txikiagoa denean (birusak zelula mota hauek suntsitzen baititu).
Kutsatuak izan nahi ez badugu, hona hemen aholku batzuk: preserbatiboa jarriko dugu sarketa baino lehen, ez ditugu xiringak, orratzak, bizar-xaflak, hortzetako eskuilak... partekatuko eta tatuajeak edota piercingak egiteko material esterilizatua erabiliko dugu.