Normalean, antisorgailuak aipatzen direnean, ohikoenak datorzkigu burura, hala nola kondoia, pilula...Baina badaude beste hainbat, inoiz entzun ditugunak, baina euren erabilpena zein den ez dakiguna. Oso arrunta da hau gertatzea.

 

Oso garrantzitsua da antisorgailuei buruzko informazioa jasotzea, behar izanez gero, ondoen datorkiguna zein den jakin dezagun. Ondoren, antisorgailuei buruzko informazioa eskainiko dugu: euren ezaugarriak, abantailak, desabantailak eta modu eokian erabiltzeko jakin behar dugun guztia.

 

Antisorgailu bakoitzak bere abantailak eta desabantailak dituenez gero, norberaren esku dago aukeratzea. Ondo legoke profesional batek aukera ondo egiten laguntzea.

 

Printzipioz, antisorgailu batek honako hau eskaini behar digu: eraginkortasuna, erabilerraztasuna, abantaila gehigarriak, albo ondoriorik ez izatea...

 

Eraginkortasuna: antisorgailu baten eraginkortasuna haurdunaldiak ekiditeko duen gaitasunaren arabera neurtzen da. Metodo itzulgarrien artean, metodo hormonalak ditugu erabilgarrienak.

 

Erabilerraztasuna: partsona bakoitzak jakin behar du zein metodo erabiltzen duen errazago. Neska askori erraza eta erosoa iruditzen zaie egunero pilula hartu behar izatea. Beste askok, aldiz, nahiago dute UBG bezalako iraupen luzeko mtodoak erabili haurdunaldiak ekiditeko. Badaude hainbat antisorgailu, hala nola kondoia, sexu harremanak izan aurretik erabiltzen direnak. Kondoiak, haurdunaldiak ekiditeaz gain, sexu bidez transmititutako infekzioak eta HIESa ekiditen ditu, baina sexu jolasak oztopatzen ditu eta ondo erabili behar da apurtu ez dadin. Hori dela-eta, haurdunaldia guztiz baztertzeko, ondo legoke kondoia erabiltzeaz gain, haurdunaldiak guztiz ekiditen dituen beste metodo bat erabiltzea.

 

Abantaila gehigarriak: antisorgailu hormonal batzuek eragin onuragarria dute gure ongizatean. Pilulak, adibidez, haurdunaldiak ekiditeaz gainera, hainbat gaitz saihesteko aukera ere ematen digu, hala nola, umetokiko eta obarioko minbizia saihesteko. Aipatutako abantailez aparte, hilekoaren odola murrizten du eta hileko aurreko sintomak arintzen ditu. Larruazaleko arazoak dituzten emakumezkoek androgenoen kopurua orekatzen duten ahozko antisorgailuak har ditzakete, askotan androgenoak baitira larruazaleko gaisotasunak sorrarazten dituztenak.

Oro har, antisorgailu hormonalek ez dute oztopatzen sexu harremanen berezkotasuna eta kalitatea.

 

Albo ondorioak: antisorgailu gehienek albo ondorioak eragiten dituzte. Antisorgailu hormonal bat hartzen hasten garenean, normala da buruko mina izatea eta hilekoen artean galereraren bat izatea. Sintoma hauek, orokorrean, iragankorrak dira eta lehenengo hiru hilabeteak pasatu ondoren desagertu ohi dira.

 

Ez dago antisorgailu perfekturik. Antisorgailurik onena egoeraren araberako beharrak ondoen asetzen dituena da. Gure bizimodua nolakoa den kontuan hartuko dugu antisorgailuak aukeratzean.