1. METODO HORMONALAK
PILULA
Pilula hauek emakumezkoen organismoak sortzen dituen hormonen antz handia duten bi hormonak osatzen dute. Haurdunaldiak ekiditeko hainbat pilula daude. Gure medikuak esango digu zein den ondoen datorkiguna. %100eko eraginkortasuna du.
Eragina
Pilula konbinatua egunero hartzeak obulazioa ekiditen du, hori dela-eta, antisorgailurik eraginkorrena dela esan dezakegu. Obulaziorik izan ezean ez da haurdunaldirik izango.
Nola hartu
Egunero eta ordu berean hartu behar da pilula. Prestakinaren arabera, jarraian hartu behar da eta seizpazazpi eguneko etenealdiak egin behar dira. 28 pilulako ontzien kasuan, pilulak jarraian hartu beharko ditugu (egunero) etenaldirik egin gabe: 28 pilulak amaitu eta gero, hurrengo hogeita zortziak hartzen hasiko gara. Aldiz, 21 edo 22 pilulako ontzien kasuan, sei edo zazpi eguneko etenaldia egingo dugu ontzi bat amaitzen dugunetik beste bat hasi arte. Bi aukera hauetan, 28 egunik behin izango dugu hilekoa.
Kontuan hartu behar duguna
Dauden antisorgailuen artean metodorik seguruena da eta albo-ondorio gutxi dauzka.
Egunero hartu behar da, sexu harremanak noiz izaten dugun kontuan hartu barik.
Pilulak hartzeari uzten badiogu, hartzen hasi aurretik bezain ugalkorrak izango gara, hau da, gure ugalkortasuna ez da murriztuko.
Pilula hartzeari utzi orduko haurdun gera gaitezke, ez baitu ondorio kaltegarririk izango gure seme-alabengan.
Medikuak kontrakoa esan ezean, pilula hartzean ez dugu etenaldirik egin behar (hilabete batekoak edo gehiagokoak).
Medikuak agindutako azterketara joan beharko dugu jarraipena egiteko.
Egoera zehatz batzuetan hobe da pilula ez hartzea, hala nola, adinekoak bagara, erretzaileak bagara edo beste zenbait patologia baditugu.
Pilulak, haurdunaldiak ekiditeaz gain, ondorio onuragarriak ditu: hilekoaren odola murrizten du eta obarioko eta endometrioko minbiziak prebenitzen ditu.
PILULA TXIKIA
Duela gutxi hasi dira pilula hau Espainian saltzen. Honek hormona bat (gestagenoa) baino ez dauka, beraz, ez dauka estrogenorik. Hori dela-eta, estrogenoak hartu ezin dituzten emakumeek ere har dezakete pilula hau. Ez da pilula konbinatua bezain eraginkorra.
Eragina
Obulazioa galarazten du eta muki zerbikala loditzen du. Ez dauka inolako eraginik esne ekoizpenean, hortaz, haurtxoari bularra eman nahi izanez gero, mota honetako pilulak hartuko ditugu. Hilekoan eragiten duten kontrola ez da pilula konbinatuena bezain ona eta batzuetan odoljario arinak izan ditzakegu.
Nola hartu
28 pilulako ontzi bat da eta egunero hartu behar dugu pilula bat, ahal dela beti ordu berean. Ez dugu etenaldirik egingo eta ontzi bat amaitu eta gero, beste bat hartzen hasiko gara. Hilekoaren odola ez da erregularra izango.
BIHARAMUNEKO PILULA
Koito ondorengo antisorgailua ere deitzen da eta hormona bakar batek osatzen du (gestagenoak). Koito ondorengo tratamendu honek umetokiaren barruko azala aldatzen du eta ernaldutako obuluaren garapena geldiarazten du. Haurdun egon eta gero, koito ondorengo pilulak ez dauka inolako efekturik, ez baita abortu eragilea. Pilula hau larrialdietan baino ez dugu erabili behar, hau da, kondoia apurtzen bazaigu, sexu erasorik jaso badugu...
Pilula honen eraginkortasuna ez da %100ekoa, hala ere, haurdunaldien %85 galarazten ditu. Tratamenu honek ez du GIB/HIESetik eta sexu bidez transmititutako gaixotasunetatik babesten.
Eragina
Bere eragina kaltegarria izan daiteke hartzen den mementoaren arabera. Orokorrean, obulazioa aldatu edo atzeratu egiten du, baina batzuetan obuluen garapenean ere eragin dezake.
Nola hartu
Babesik gabeko sexu harreman bat izan eta 72 ordura hartu behar da beranduenez. Ontziak bi pilula ditu eta biak batera har daitezke edota 12 orduko denbora tartean. Erosteko errezeta behar dugu, edo bestela, mediku batek eman behar digu.
BAGINAKO ERAZTUNA
Plastikoa bezalako material batez eginda dago eta 5 zentimetroko diametroa du eta 4 milimetroko lodiera. Pilula antisorgailuaren antzeko hormonak ditu; baginako mintzak eraztunaren poro batzuen bidez askatzen den botika xurgatzen du. Pilularen albo ondorioak eta eraginkortasuna ditu.
Nola erabili
Zikloa hasi eta 5-7 egunera baginan sartzen da (tanpoi bat izango balitz bezala) eta hortxe uzten da 21 egunez. Denbora-tarte hori pasatuta, atera egiten da eta 7 eguneko atsedenaldia egin eta gero, beste bat sartzen da.
PARTXE ANTISORGAILUA
Partxea 4,5 zentimetroko eta milimetro bateko lodiera duen tirita baten modukoa da. Larruazalean jartzen da eta gorputzak xurgatu egingo dituen hormonak askatzen ditu. Pilularen albo-ondorioak eta eraginkortasuna ditu, hormonak berberak baitauzka.
Nola erabili
Zikloaren lehen egunean jarri behar dugu larruazal gainean eta astean behin aldatuko dugu, hiru astetan zehar. 21 egun pasatuta eta hiru partxeak erabili eta gero, astebete emango dugu partxerik jarri gabe, eta orduantxe izango dugu hilekoa. Jarriko dugun gorputz atalean ez dugu kremarik emango, partxea aska ez dadin. Ezin dira titietan jarri. Partxe hauek jartzeko gorputz atalik aproposenak ipurdia eta sabela dira.
ANTISORGAILU HORMONAL INJEKTAGARRIAK
Bi mota daude: hilekoa eta hiruhilekoa. Hileko injektagarria antisorgailu konbinatua da, bi hormona (estrogenoa eta gestagenoa) baititu. Honek pilularen eragin berbera du.
DERMIS AZPIKO INPLANTEA
Gure herrialdean saltzen den inplante hau 4 zentimetroko hagaxka bat da eta gestagenoa du. Hormona hori pixkanaka-pixakanaka askatzen da eta efektu antisorgailua du. Hagaxka bat baino gehiago izan daitezke, eta horrela denbora luzeagoz iraungo du. Besaurrean jartzen da minik egiten ez duen ebaki bat eginez. Hiru edo bost urtez iraun dezake eta gestagenoak dituzten beste antisorgailuak bezain eraginkorra da eta horiexek dituzten albo-ondorio berberak ere baditu. Oso erosoa da, 3-5 urtez ez baitugu antisorgailuez kezkatu behar.
Bestalde, badauzka hainbat desabantaila: hileko irregularrak izan ditzakegu, edota horien falta. Sintoma horiek ez gaituzte kezkatu behar, ez baitute esanahi patologikorik.
UMETOKI BARRUKO GAILUA (UBG)
Plastikoz, metalez (kobrez, gehienbat) eta hari txiki batez eginda dago. Adar bertikal bat du eta T edo aingura itxura ematen dioten bi adar ditu eta horiei esker eusten da emakumearen umetoki barruan. Badago beste UBG bat (UGB hormonala deritzoguna) bere adar bertikalean biltegi hormonal bat daukana (gestagenoa). Hormona horiek hileko oparoak galarazten ditu.
Eragina
UBGak espermatozoideak pasatzea eragozten du eta umetokia nolabait aldatzen du haurdunaldirik gerta ez dadin. UBGak umetokiaren barruko azalari (endometrioari) mesede egiten dio, hilekoaren odola gutxitzen baitu.
Nola jarri
Ginekologoak jarriko digu hilekoa dugun bitartean, umetokiaren lepoa inoiz baino irekiago baitago denbora tarte honetan eta haurdun ez gaudela berretsi ahal delako. Umetoki barruan jartzen da eta, nahiz eta hasieran mina sentitu, berahala pasatuko zaigu. Oro har, 5 urteko iraupena du eta nahi dugunean atera dezakegu.
Kontuan hartu behar duguna:
UBGren eraginkortasuna %98koa da, hau da, urtean 100 emakumetik bik gorabeherak izan ditzakete. UBG hormonala eraginkorragoa da.
Seme-alabarik ez daukatenek eta zenbait bikotekide dauzkatenek hobe lukete beste metodo bat erabili, tronpetan infekzioa izateko aukera handiagoa baitute.
UBGa jarri eta gero, azterketa edo ekografia bat egin beharko digute ondo jarrita dagoela berresteko.
Iraungi arte, ginekologoak aldizkako azterketak egin beharko dizkigu.
Kobrezko UBGak hilekoaren odolaren jarioa handi dezake eta mina eman dezake (dismenorrea). Hori dela eta, nahiz eta denbora pasa ahala desagertzen diren, horrelako sintomak dituzten emakumeek hobe dute beste metodo bat erabili.
UBG hormonalak, aldiz, hilekoa gutxitzen du, hortaz, hileko odoltsuak dituztenei mesede egingo lieke metodo hau erabiltzeak.
Haurdun geratu nahi izanez dugu, nahikoa dugu UBGa ateratzearekin, bere eragina atera bezain laster amaitzen baita.
2. BARRERA METODOAK
PRESERBATIBOA
Kondoia edo goma ere deitzen zaio eta zakil tentean jartzen den latexezko zorro fina da. Preserbatiboaren mutur itxian badago semenerako gordailu bat. Teorian, %86 eta 97 arteko eraginkortasuna du.
Eragina
Espermatozoideak umetoki barrura heltzea eragozten du.
Nola erabili
Zakila tente dagoela eta baginan sartu aurretik jarri behar da zakilean. Preserbatiboa erabili baino lehen, ondo gordeta izan behar dugu, toki lehorrean eta tenperatura egokian. Iraungipen-datari erreparatu behar zaio.
Kontuan hartu behar duguna:
Preserbatiboa behin erabili eta botatzeko da. Eiakulatu eta gero, zakila baginatik atera behar dugu oraindik tente dagoela, bestela semena bagina barruan isurtzeko arriskua dago. Ateratzeko, preserbatiboari oinarritik helduko diogu.
Eiakulatu baino lehen isurtzen diren semen tantek ere espermatozoideak izan ditzakete.
Preserbatiboa zakiletik kendu eta gero, ondo aztertuko dugu, apurtu ez dela egiaztatzeko.
Preserbatiboa bagina barruan trabatuta geratuz gero, atzamar bat sartuz aterako dugu.
Kondoia aztertzean, apurtu egin dela ikusten badugu, hobe da biharamuneko pilula hartzea, ezin baita haurdunaldia baztertu.
Kondoia, emakumezkoen preserbatiboarekin batera, sexu bidez transmititutako gaixotasunak ekiditeko balio duen antisorgailu bakarra da.
EMAKUMEZKOEN PRESERBATIBOA
Oso plastiko mehez eta gogorrez egindako zorroa da eta silikonaz igurtzita dago. Baginaren hormak eta bulba estaltzen ditu eta %79 eta 95 arteko eraginkortasuna du.
Eragina
Ez die espermatozoideei umetoki barrura heltzen uzten. Oso eraginkorra da sexu bidez transmititutako gaixotasunak ekiditeko.
Nola erabili
Bi eraztun ditu: barruko eraztunak baginan jartzeko balio du eta kapokoak aluaren kanpoko ezpainak babesten ditu. Behin erabili eta botatzeko da, hortaz, ez dugu berrerabiliko. Preserbatiboaren ahoa ondo lubrikatu behar dugu kanpoko eraztuna bagina barruan sar ez dadin.
DIAFRAGMA
Latexezko txano malgu hau baginaren hondoan jartzen da, umetokiaren lepoa guztiz estalita geratzen dela. %82 eta 96 arteko eraginkortasuna du.
Eragina
Umetokiaren lepoa estaltzen duenez, ez die espermatozoideei pasatzen uzten.
Nola erabili
Espezialistak esan behar digu zein den gure neurria eta nola jarri behar dugun. Diafragmari espermizida bat bota behar diogu alde bietatik eta inguruetatik. Egiaztatu behar dugu umetokiaren lepoa ondo estalita dagoela. Koitoaren aurretik jarri behar da eta 6-8 ordu geroago kendu behar da.
Hainbat koito jarraian egiten baditugu, ez dugu diafragma kendu behar, baizik eta espermizida bat baginan bertan eman.
3. BABES BIKOITZA
Osasuna sustatzen duten erakundeak eta familia plangintzako zentroak oso kezkatuta egon ziren preserbatiboa HIESa ekiditeko antisorgailu bakarra zela zabaldu zenean, jendeak ahozko antisorgailuak hartzeari utziko ziola eta nahigabeko haurdunaldiek eta abortuek gora egingo zutela uste baitzuten. Kezka horretatik jaio zen "double ducth" (babes bikoitza). Honen leloa hauxe da: "Erabil ezazu preserbatiboa HIESaren eta sexu bidez transmititutako gaixotasunen aurka eta pilula nahigabeko haurdunaldiak eragozteko".
Kanpaina honen helburua jendea metodo antisorgailu konbinatuak erabiltzera bultzatzea zen, eta horrela, nahigabeko haurdunaldiak, sexu bidezko gaixotasunak (STG) eta HIESa ekidin egingo ziren. Egun, hauxe dugu konbinaketarik eraginkorrena: haurdunaldiak galarazteko antisorgailu hormonalak hartzea eta STGak eta HIESaren aurka preserbatiboak erabiltzea da. Metodorik onena pilula, UBG hormonala, inplantea, partxea edo baginako eraztuna + preserbatiboa erabiltzea da.
Gazteentzat oso gomendagarria da aipatutako konbinaketa hori erabiltzea, bere bizitza sexuala handia denez, beste inork baino aukera gehiago baitute infekzio bat edo nahigabeko haurdunaldi bat izateko.
4. BORONDATEZKO ANTZUTEA
Obuluen eta espermatozoideen igarobidea galarazten da, hortaz, haurdunaldiak ere eragozten dira. Metodo hauek itzulezinak dira eta egin eta gero, ezin da seme-alabarik izan. Bere eraginkortasuna %100ekoa da.
Emakumezkoen borondatezko antzutasunari tronpen lotura deritzo eta gizonezkoenari, berriz, basektomia.
TRONPEN LOTURA
Sabelean ebaki txiki bat egiten da eta umetoki-tronpak mozten dira, obuluak pasa ez daitezen eta ernalduak izan ez daitezen.
Hainbat prozeduraren bidez egin daiteke, nahiz eta ohikoena laparoskopia izan. 2 zentimetroko ebakia egiten da eta tutu bat sartzen da. Tutu horrek zuntz optiko bat darama eta honen bitartez barruko organoak ikus daitezke. Matxarda batzuk erabiliz, tronpari eusten zaio eta kauterizatu edo moztu egin daiteke.
Duela gutxi ESSURE metodoa garatu berri dute eta metodo honetan tronpa moztu beharrean, buxatu egiten dira. Histeroskopia erabiliz, titaniozko dispositibo bat jartzen da tronpa barruan. Dispositibo honek, bizpahiru hilabete pasatu eta gero, fibrosia eragiten du eta haurdunaldiak eragozten dira. Dispositiboa jartzeko ez da ez anestesiarik, ez ospitaleratzerik behar.
BASEKTOMIA
Ebakuntza kirurgiko hau egiteko anestesia lokala erabiltzen da. Hodi deferenteak (espermatozoideak pasatzen direneko hodiak) moztean datza, espermatozoideak semenaren parte izan ez daitezen.
Ez da ospitaleratzerik behar eta arriskuak oso txikiak dira.
Ebakuntzak ez du inola ere sexu gaitasuna murriztuko eta sexu harremanak lehan bezalakoak izango dira. Sexu desirak eta eiakulazioak ez dute aldaketarik nabarituko.