1.-Zertan datza?
Lanaldi partzialeko kontratuak egunean, astean, hilean edo urtean lanordu mugatu batzuk egin behar direla adierazten du, eta lanordu horiek lanpostu berberari dagozkion lanaldi osoko lanorduak baino gutxiago izango dira. Ondorio horietarako, enpresa bereko eta lan zentro bereko lanaldi osoko langile batekin alderatu daitekeen lanaldi osoko langilea dela ulertuko da lan kontratu bera eta lan berbera edo antzekoa burutzen duen langilea. Enpresan berean alderagarria den lanaldi osoko langilerik egon ezean, lanaldi osoa lan hitzarmenean adierazita dagoena edo legezko gehienezko lanaldia izango da.
2.-Iraupena
Lanaldi partzialeko kontratua mugagabea edo mugatua izan daiteke (araudian hala aurreikusiz gero). Lan kontratuen iraupena zazpi egunetik beherakoa izatekotan, enpresak Gizarte Segurantzari kontingentzia arruntengatik ordaindu beharreko kuota ehuneko hogeita hamasei handituko da.
* Langileari lanaldi partzialeko kontratu mugagabea egingo zaio enpresan lan finkoak edo aldizkakoak egiteko kontratatua izan denean.
* Lanaldi partziala, iraupen mugatuko kontratazio hauetan onartuta dago:
-Lan edo zerbitzu zehatz bat egin behar denean.
-Kontratazioa merkatuaren egoeraren arabera egiten denean eta zereginak edo eskaerak handitzen direnean egiten denean.
....-Langile bat beste bat ordezkatzeko kontratatzen denean, baldin eta langile titular horrek lanpostua erreserban gordetzeko eskubidea baldin badu. Ordezkatuko den langilearen lanaldiak honako ezaugarriren bat izan behar du: lanaldi partziala izan behar du, Langileen Estatutuko 37. artikuluko 4 eta 5 ataletan zehaztutako lanaldi murriztua izan behar du, amatasun dela edo adopzio edo harrera dela (bai adoptatu aurretik, bai kasu iraunkorretan) titularrak lanaldi partziala eskatu badu edo hasieran aldi baterako ordezkapena zena behin betiko lanaldi partzialeko ordezkapena bilakatu bada.
....-Praktika kontratua.
....-Txanda kontratua.
*Lanaldi partziala ez da zilegi izango prestakuntza edo erretiro-adina aurreratzeagatiko ordezko kontratua denean, baldin eta enplegua sustatzeko asmoz egiten bada.
Lanaldi partziala hitzartu ahal da, baldin eta lan kontratua mugagabea edo mugatua bada (prestakuntza kontratuetan ez da zilegi izango).
Lanaldi partzialeko kontratu mugagabea honako kasuetan erabiliko da:
- Enpresaren lan-bolumen arrunta izanik, lan finkoak edo aldizkakoak egiteko hitzartzen denean.
- Enpresaren lan-bolumen arrunta izanik, lan finko etendunak egiteko hitzartzen denean, betiere data zehatzetan errepikatzen ez badira. Langileak hitzarmen kolektiboan zehaztutakoaren araberako ordenan deituko dituzte lan egiteko. Hitzarmenean zehaztutakoa bete ezean, langileak kaleratzeko prozedura aurkeztu ahal du auzialdiko batzordean.
3.-Kontratuaren formalizazioa
Kontratua ezarritako eredu ofizialean formalizatzen da, idatziz. Kontratuan egunean, astean, hilean edo urtean egin beharko diren lanordu arruntak eta horien banaketa adieraziko da. Lanordu kopurua eta horien banaketa adierazi ezean, kontratua lanaldi osokotzat eta mugagabetzat hartuko da.
Era berean, kontratuaren edukiaren eta luzapenen berri eman beharko zaio Enplegu Zerbitzu Publikoari, kontratua sinatzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita hamar laneguneko epean. Jakinarazpenarekin batera, lan-kontratuaren ale bat eta legezko ordezkariek sinatutako oinarrizko kopia bat ere aurkeztu beharko dira.
Legezko ordezkariei ere kontratuaren kopia bana eman beharko zaie, hamar laneguneko epean. Luzapenen eta salaketen berri ere eman beharko zaie.
4.- Nolakoa izan daiteke lanaldia?
Lanaldia jarraitua edo etena izan daiteke. Lanaldi partzialeko kontratuan zehaztutako lanaldia lanaldi osoko langileena baino laburragoa denean eta etena denean, lan-etenaldi bakarra egin ahal izango da egunean, Hitzarmen Kolektibo sektorialean besterik adierazi ezean.
-Aparteko lanorduak. Lanaldi partziala duten langileek ezin izango dute aparteko lanordurik egin, arriskuren bat edo aparteko kalte larriak prebenitzeko edo konpontzeko ez bada.
-Lanordu osagarriak. Enpresaburuak eta langileek lanordu osagarriak hitzartu ahal dituzte.
5.-Lanaldi partzialeko kontratua duten langileen eskubideak
Lanaldi osoko kontratua duten langileen eskubide berberak dituzte.
6.-Lanaldi partzialeko kontratu bat lanaldi osoko kontratua bilaka daiteke? Kontrakoa ere gerta daiteke?
Bai. Langileen esku egongo da aldaketa onartzea eta enpresaburuak ezin du inola ere aldatzera behartu. Enpresaburuak ezin izango du langilea kaleratu edo zigortu aldaketa ez onartzeagatik.
-Enpresaburuak hutsik dauden lanpostuen berri eman behar die langileei, eta azken horiek euren kontratuaren izaera (partzialetik osora edo osotik partzialera) aldatzeko eskabidea aurkez dezakete. Lanaldi partzialeko kontratua duten langileek lanorduak gehitzeko eska dezakete, betiere Hitzarmen Kolektibo sektorialean zehaztutakoaren arabera.
-Lanaldi partzialeko kontratutik lanaldi osokora edo lanaldi osokotik partzialekora borondatez aldatu diren langileek lehengo egoerara bueltatzeko eskatzen badute, antzeko ezaugarriak dituen eta hutsik dagoen lanpostuan hasteko lehentasuna izango dute, betiere Hitzarmen Kolektibo sektorialean zehaztutakoa kontuan hartuta. Antzeko ezaugarririk duen lanposturik hutsik egon ezean, langileak maila beheragoko lanpostua beteko du.
Era berean, hasiera batean lanaldi partziala betetzeko kontratua izan duten eta enpresan hiru urte edo gehiago daramatzaten langileek euren kategoriari dagozkion lanaldi osoko lanpostuak betetzeko lehentasuna izango dute.
-Enpresaburuek langileen eskabide guztiak izango dituzte kontuan. Langileari eskabidea ukatuz gero, enpresaburuak ukatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio idatziz.
7.-Bestelako ezaugarriak
-Langabeziako prestazioak jasotzen ez dituzten lanaldi partzialeko kontratua duten langileek Gizarte Segurantzaren Hitzarmen Berezia sinatu ahal dute dagokion Erakunde Kudeatzailearekin.
-Langile titularrarekin txanda-kontratua dela-eta hitzartutako lanaldiaren eta soldataren %25 eta %85 murrizketa duen lanaldi partzialeko kontratua erretiro partzialeko pentsioarekin bateragarria da
-Hitzarmen Kolektiboek lanaldi partzialeko kontratua duten langileek etengabeko lanbide-prestakuntza jaso ahal dezaten neurriak ezarriko dituzte.
-Lanaldi partzialeko kontratuaren iraupena mugatua edo aldi baterako izatekotan (2001eko martxoaren 4tik aurrera), langileak kontratua amaitzean kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du. Kalte-ordainaren zenbatekoa lanean aritutako urte bakoitzeko dirutan hartzen den soldataren zortzi eguneko saria edo berariazko araudian zehaztutako diru-kopurua izango da.