Euskal Herriko zenbait ikastegik (hala nola Santurtziko San Jorge Goi mailako Lanbide Heziketa Institutuak) Ikasi eta Lan izeneko egitasmo proiektua jarriko dute abian. Egitasmoaren helburua ikasleak ikasten duen bitartean soldata bat jasotzea da.
Esperientzia hau Estatu osoan jarriko da martxan eta egitasmoaren helburua azken urteotan aldi batera utzi diren lanbideekiko interesa piztea da. Oro har, alde batera utzitako lanbide horiek industriari loturiko lanbideak dira. Egitaraua honako zikloetan ezarriko da: Instalazio Elektroteknikoetan, Mekanizatu bidezko Ekoizpenean, Proiektu Mekanikoen Garapanean eta Industria Ekipoaren Mantenimenduetan.
Ikasteko eta lan egiteko modu honek ikasleen lanbide-profila eta prestakuntza hobetuko du eta ikasleen lan-eskarmentua handituko du.
Ikasleek heziketa zikloa egiteaz gain, enpresa batean lan egingo dute lanaldi partzialean (hitzarmenaren arabera). Egitasmo honetan parte hartzen duten ikasleek lau ordu emango dituzte ikasten eta beste lau ikasten dauden zikloarekin zerikusia duen enpresa batean lan egiten.
Lan-kontratua izateak ikasle-langileek dagokien opor hilabetea hartu ahal izango dutela ziurtatzen du. Hilabete hori, nola ez, ordaindu egingo diete.
Proiektu berri honen sustatzaileek ikasketak, lana eta lan-eskarmentua bateratzeak ikasleak enpresetan integratzeko aukerak handituko dituela uste dute. Mementoz, asko dira ekimen honetan parte hartu nahi duten enpresak.
Egitasmo honek arrakasta handia izatekotan, Hezkuntza Sailak EAEko beste ikastegi batzuetan ere ezarriko du. 2010. urterako aurreikuspenen arabera, industria sektorean erretiratuko diren hamar langiletik sei langile berri baino ez dira lanean hasiko. Datu horiek agerian uzten dute Lanbide Heziketa sustatzeak duen garrantzia.