Batzuetan, ez da batere zaila lanaldi partzialeko lana aurkitzea. Zenbait udalek lanaldi partzialeko kontratuak eskaintzen dituzte aldi baterako lanak betetzeko, beraz, ondo legoke udaletxeetara joatea horrelako lan-eskaintzarik duten jakiteko.
Udalek lan-poltsak osatzen dituzte, udan aldi baterako lanak egiteko. Lan gehienak haurrak edo adinekoak zaintzeko, eskola partikularrak emateko, garbiketa-lanak egiteko eta zerbitzari aritzeko izaten dira. Lan-poltsa batzuek urte osorako balio dute, hori dela-eta, ondo legoke noizean behin udaletxetik pasatzea iragarritako lan-eskaintzak ikusteko.
Aisialdiari loturiko lanek ere arrakasta handia dute aspaldi honetan. Urterik urte, gero eta gehiago dira lana eskaintzeko ekimen berriak antolatzen dituzten erakunde publikoak, enpresak eta elkarteak. Gehienek lanaldi partzialeko lana eskaintzen dute.
Astialdiko begirale tituluak dituztenek aukera anitzak dituzte lana aurkitzeko, udan kanpamentuak, udalekuak eta aisialdiko jarduera ugari antolatzen baitira. Aisialdiari loturiko enpresek eta elkarteek lan egiteko aukera zabala ematen diete gazte askori.
Catering-enpresek ere lanaldi partzialeko lana eskaini ohi dute. Gure lurraldean ikastetxe asko daude, hortaz, nahi duen orok aukera asko ditu jantokietan zenbait orduz laguntzen lan egiteko. Ikastetxeetan ere badago bestelako lan-eskaintza bat: haurrak etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxerako bidaian zaintzea. Bizkaian hainbat enpresa daude horrelako lanak eskaintzen dituztenak.
Badaude beste lan-mota batzuk ere ikasketak eta lana bateratzeko aukera ematen dutenak: kiroleko monitoreak, ekitaldietako aurkezleak, gidariak, hegazkineko laguntzaileak...Lan hauek dirua aurrezteko parada ematen dute egun osoan lan egiten egon gabe.