Hauxe dugu abentura kirolik ezagunena. Oso zaila da kirol hau egitean zer sentitzen den hitzekin adieraztea. Orokorrean taldean egiten da, zirrara eta arriskua partekatzeko.
Ur-emari handiko eta ur-lasterreko ibaietan nabigatzeko bereziki diseinatutako ontzi puzgarrietan joango gara, eta saiatu beharko dugu bideko harkaitzak ekiditen eta uretara ez jausten. Ibilbidean hamaika ustekabe, ikaraldi eta murgilaldi izango ditugu, hori seguru.
Ontzia, zodiac-aren antzerakoa oso segurua eta gogorra da. Sei edo zortzi lagunentzako edukiera izaten du eta hauek ontziaren ertzetan eserita joan behar dute. Ontziko lagunek oinak lotzeko euskarriak dituzte ontziko zoruan, beraz, nahiko zaila da oreka galtzea harkaitzen gainean pasatzean. Dena dela, kontuan izan behar dugu, kirol hau egiten animatuz gero, blai eginda amaituko dugula. Kirol hau arriskutsua dela eman arren, ez da horrela. Ontziko lagunen bat uretara erortzen bada ere, ez du minik hartuko, segurtasun ekipoa jantzita izateaz gain, monitore bat egongo baita ontziaren atzealdean. Monitore horren lana, ontzia gidatzea da eta horretarako, norabidea markatzen du bere arraunarekin.
Ibaian behera abiatzeko, plastikozko ohol bat eta hegats batzuk baino ez ditugu beharko. Urarekin harreman zuzena mantenduko dugu eta trineo baten moduko ohol flotagarri baten laguntzaz jaitsiko gara. Uraren indar bizia gorputzean sentitu ahal izango dugu. Ibaian behera abiatzea norberaren ardura izateak adrenalina askatzeaz gainera, gure trebetasuna ere erakusteko aukera emango digu.
Monitoreak memento oro izango ditugu gure aldean: bata aurrealdean izango da, eta bestea, kayak batean, zer edo zer gertatzekotan, ahalik eta arinen erantzuteko. Ibaian behera abiatu arretik, parte-hartzaileek ohola ondo erabiltzeko eta, behar izanez gero, ezustekoei erantzuteko jarraibideak izango dituzte.
Ur-amiletan praktikatzeko beste modalitate bizigarria. Lau edo bost lagunentzako tokia duen ontzi pneumatiko batean erreka jaistean datza.
Parte-hartzaileak bata bestearen atzean eserita joango dira eta ez dute eusteko inolako sistemarik izango. Murgilaldia ekiditeko, oreka mantendu beharko dute eta monitorearen jarraibideak jarraitu beharko dituzte. Egonkortasun ezak zirrara eta ustekabeak eragingo ditu ibilbide osoan zehar.
Kirol honek rafting-aren antza du hainbat gauzatan, ekipoa eta erabiltzen den ontziak oso antzekoak baitira. Dena dela, kirol honetan erabiltzen den ontzia txikiagoa da eta bi lagun baino ez dira sartzen.
Bien arteko alderik handiena da, monitorea piragua batean abiatuko dela ibaian behera (betiere kanoen ondoan egongo dela).
Ur-lasterretako kirolik garrantzitsuena da. Kayaka luzanga formako kanoa arina da, eta erdian, eserleku baten moduko hutsune bat dauka. Arraunlaria hutsune horretan eseriko da arraun egiteko eta ibaian behera abiatzean aurkituko dituen oztopo guztiak saihesteko, bere arraunaz eta bere indarraz baliatu beharko da.
Kirol honek baditu hainbat zailtasun, besteak beste, kanoan oreka mantentzea, arraun egitea, ur-lasterrekin batera abiatzen jakitea eta balaztatzea.
Kirol mota hau ur bareetan egiten da. Eski baten gainean edo ohol baten gainean igoko gara eta motordun txalupa batek abiadura handian eramango gaitu. Uretan ibiltzea bezalakoa da. Gakoa oreka mantentzen jakitean datza.
Azkenaldian surfaren fama handitu egin da eta gero eta jende gehiagok egiten du kirol hau. Zenbait kasutan, gainera, bizitza ulertzeko eta bizitzeko modu bat bezala kontsideratzen da surfa.
Kirol honetan ohol baten gainean zutik jarriko gara eta olatuen artean mugituko gara. Gila batzuei eta olatuen indarrari esker itsasertzera helduko gara.
Body Board surfaren aldaera bat da, baina kasu honetan erabiltzen den ohola txikiagoa da, eta horri esker, olatu gehiago har daitezke. Lehen olaturaino hegatsez baliatuta helduko gara, eta olatuaren gainean gaudela, surfean arituko gara itsasertzeraino heldu arte.
Body boarden, surfean ez bezala, edozein olatu har daiteke (baita hondo txikiko harkaitz olatuak ere).